Zumaiako Udalak hondakinen kudeaketaren inguruko azterketa egingo du

2011/03/30

Azterketaren emaitzak maiatzerako izango dituzte, eta ondoren hartu beharreko erabakiak txosten tekniko hori izan beharko dute oinarri Udalaren ustetan.

 

Zumaian sortzen eta biltzen diren hondakinen inguruko azterketa egiten ari da Garbitania enpresa. Zumaiako Udalak eskatuta, datozen asteotan hondakinen azterketa hori egin, eta Zumaiako gaikako bilketa modu ezberdinen bideragarritasunaren ikuspegi orokorra zehaztu eta ondorioak aurkeztuko ditu maiatzean.

Azterketa egitea Zumaiako Udalaren bidez sortutako Hondakinen Batzorde Herritarraren eskaera bat izan zen. Prozesu parte hartzaile baten bidez osatu zen batzorde horrek, hondakinen kudeaketa eredu ezberdinak aztertu zituen, eta Udalari jarraitu beharreko hainbat irizpide jakinarazi zizkion. Bide horretatik sortu da Garbitania egiten ari den azterketa.

“Sistema bakoitzak bere berezitasunak ditu eta herri bakoitzean modu ezberdinean aplikatzen dira, errealitate bakoitza kontuan izanda. Ikusi behar da sistema bakoitzak ze emaitza emango dituen eta bakoitzak ze kostu izango dituen. Eta txostenak informazio hori guztia emango digu”, dio Andoni Etxaniz Udalaren alkateordeak.

Eztabaida eta polemika politiko asko sortu dituzte eta sortzen dituzte hondakinen kudeaketa ereduek, eta Zumaiako Udalaren arabera gaia ikuspegi tekniko batetik aztertu behar da.

Etxanizen hitzetan, “hondakinen gaiak gero eta kezka gehiago sortzen du gizartean. Guztion arazoa da, guztiok sortzen dugulako zaborra.  Zabortegiak betetzen ari dira,  Gai organikoa zabor-poltsaren %40a da. Ez dugu legea betetzen, Zumaiak 5.000 biztanle baino gehiago dituenez gai organiko guztia banatuta jaso beharko genukeelako”, azaltzen du. Foru Aldundiak egitekoa asmoa duen Errauste-plantaren harira, Zumaiako Udalak Europak beste lehentasun batzuk ezarrita dituela gogorarazten du; hau da, birziklatzea lehenetsi behar dela. Udalaren ustetan Zumaia batean hondakinak birziklatzeak zentzu gehiago du hondakinak erretzeak baino.

Horrekin batera, Udal Gobernuak gogorarazi nahi izan du errauste-plantarekin hondakinen kudeaketaren inguruko autonomia galtzen dutela Udalek, eta planta hori egitea Zumaiari dirutza kostatuko zaio.

Errauskailuaren inguruko eztabaida dela-eta bihar iluntzean egingo den plenoan Talde Mixtoak Usurbilgo Itunaren inguruko mozio bat aurkeztuko du hiru urteko moratoria eskatuz.