Zumaiako Udalak indarkeria sexista kasuetan jarduteko protokolo berritua sinatu du
IV. Berdintasun Planaren barruan kokatzen da protokoloa, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak sustatzeko Udalaren konpromisoa berresten du. Indarkeria sexista kasuetarako protokoloa 2013an indarrean jarri zenetik hainbat aldiz berrikusi eta eguneratu da.
Zumaiako Udalak indarkeria sexista kasuetan jarduteko protokoloa berritu eta sinatu du 2026ko otsailaren 5ean, herrian indarkeria matxistaren aurrean erantzun koordinatua, eraginkorra eta integrala bermatzeko helburuarekin.
Protokolo honen bidez, indarkeria sexista jasan duten pertsonen eskubideak babestea, berehalako arreta egokia eskaintzea eta erakundeen arteko koordinazioa indartzea da helburua. Horretarako, Udaleko hainbat sail eta zerbitzuk parte hartzen dute, besteak beste, Gizarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak, Berdintasun Sailak eta Emakumeon* Etxeak, baita Osakidetzak, Ertzaintzak, Soldadura Zentroak, ikastetxeek eta Lanbidek ere.
Dokumentuak arreta-ibilbide argiak ezartzen ditu indarkeria egoerak garaiz detektatzeko, indarkeria sexista jasan duten pertsonei informazioa, laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala eskaintzeko, eta beharrezko babes neurriak aktibatzeko. Era berean, profesionalen arteko koordinazioa eta prestakuntza indartzea aurreikusten du, bigarren mailako biktimizazioa saihesteko eta arreta kalitatezkoa bermatzeko.
Protokoloa Zumaiako IV. Berdintasun Planaren barruan kokatzen da, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak sustatzeko udalaren konpromisoa berresten du. Horrez gain, prebentzioan, sentsibilizazioan eta herritarren inplikazioan ere arreta berezia jartzen du.
Ekimen honen bidez, Udalak berretsi egiten du indarkeria sexistaren aurkako borroka lehentasunezko arloa dela, eta herriko emakumeen segurtasuna, babesa eta ongizatea bermatzeko lanean jarraituko duela.
Zenbait aldaketa
Zumaiako indarkeria sexista kasuetarako protokoloa 2013an jarri zen lehen aldiz indarrean. Ordutik, hainbat aldiz berrikusi eta eguneratu da, eta 2026ko otsailaren 5ean sinatu da bertsio eguneratua.
Berrikuntza nagusien artean, "genero indarkeria" kontzeptuaren partez, "indarkeria sexista" terminoa erabiltzea erabaki da, emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak barnebiltzeko. Halaber, lege berriak txertatu dira, eta protokoloan parte hartzen duten eragileen sarea zabaldu eta eguneratu da, besteak beste, osasun mentaleko zerbitzuen eta Emakumeon* Etxearen parte hartzea sendotuz.
Bide batez, Udalak gogorarazi nahi du zerbitzu guztiak doakoak eta konfidentzialak direla, eta profesionalek emakume bakoitzaren denborari eta beharrari erantzuten diotela. Salaketa formala jarri ez duten emakumeek ere jaso dezakete laguntza eta orientazioa, konfiantza eta arreta soziala sendotzeko funtsezkoa baita.



