Zumaiako Udalak, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuari eutsiz, udaltzaingoarentzat motor elektrikoa erosi du

2019/03/04

Udalak, agintaldian zehar eginiko bidean beste pauso bat ematen du horrela eta aurrera begira ere bi kotxe elektrikoren erosketa aurreikusten du, bata udaltzaingoarentzat eta bestea brigadarentzat. Zumaian mugikortasun jasangarria sustatzeko hainbat neurri hartu ditu Udalak azken urteotan, bizikletaren erabilera areagotzeko neurriak, udako txalupa zerbitzua, oinezkoei lehentasuna ematera bideratutako neurriak…

Zumaiako Udalak , mugikortasun jasangarriaren aldeko bidean, pauso bat gehiago eman du eta udaltzaingoarentzat motor elektriko bat erosteko 8.830 euro + BEZeko inbertsioa egin du. Udaltzaingoak motor berri baten beharra zuen eta elektrikoaren aldeko apustua egin du Udalak. Aurrera begira, bi kotxe elektriko bat erosteko asmoa ere badu Udalak, bata udaltzaingoarentzat eta bestea brigadarentzat, izan ere, mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egin du, mugikortasun jasangarriago bat sustatzeko bide horretan.

Bizikletaren alde egin du bereziki udal gobernuak legealdi honetan, Bizikleta eguna ezarri da, bidegorri sarea handitu da, bizikletak aparkatzeko guneak jarri dira eta baita bizikletak konpontzeko gunea ere udaltzaingoaren alboan. Bizikleta egunean, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera izan dute zumaiarrek eta Udalak bizikleta elektriko bat eskuratu zuen udal langileek udaleko jardunean dituzten garraio  beharretarako.

Aparkaleku arautuaren harira ere hartu ditu Udalak mugikortasun jasangarriaren aldeko neurriak, uda sasoian Zumaian izaten den trafiko igoerari aurre egiteko. Arrakasta handia izan du, esaterako, txalupa zerbitzuak, 30.000 pertsona inguruk erabili zuten zerbitzu hori joan den urtean. Udalak pertsonak lehenetsi ditu autoen gainetik eta jasangarriagoa eta osasuntsuagoa den oinezko mugikortasuna sustatu du, esaterako, eskola bideen proiektuari bultzada emanez. Zumaiako Udalak argi du, beraz, mugikortasun jasangarriaren aldeko pausoak ematen jarraitu beharra dagoela eta horretan jarraitzeko konpromisoa hartzen du.