Zumaiako Udalaren adierazpena, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan gertatutako erasoa dela-eta

2023/11/23

Zumaiako Udalak bere babes osoa adierazi nahi die gizarte zerbitzuetako udal langileei, atzo jasan behar izan zuten erasoaren aurrean. Udalak gogor salatu nahi du gertaera, eta, halaber, udal langileen profesionaltasuna goraipatu nahi du.

Atzo eguerdian Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan lanean zeuden udal langileak mehatxatu eta beldurrarazi zituen herritar batek, eraikinean kalteak sortzearekin batera. Horrelako jokabideak onartezinak dira, eta Udalak argi utzi nahi du ez duela indarkeria edo mehatxu ekintzarik onartuko gizarte zerbitzuak eskaintzen ari diren profesionalekiko, ezta beste inorekiko ere.

Ildo horretan, Zumaiako Udalak babes eta elkartasuna osoa adierazi nahi die udaleko gizarte zerbitzuetako langileei, haien lana funtsezkoa baita gure komunitatearen ongizaterako. Era berean, zailtasunak zailtasun lana egiteko duten dedikazioa eta profesionaltasuna aitortu eta balioan jarri nahi du. Horiek horrela, langile horiek dituzten beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen du.

Azkenik, beste kasu askotan adierazi duen bezala, Udalak azpimarratu nahi du Zumaian horrelako jokabide eta erasoek ez dutela lekurik.