Zumaiako Udalaren azalpena 2019ko TAO zerbitzuaren inguruan

2019/06/14

2019ko Udaldirako TAO zerbitzuaren ezarpenaren inguruan azken egunotan sortutako gorabeherak direla eta, Zumaiako Udaletik honako azalpen hauek ematea erabaki dugu.

  • 2017az geroztik TAO zerbitzua ezartzen da udan Zumaian, lehenengo urtean erdigunean bakarrik eta hurrengo urtetik aurrera herri-gune guztian.
  • 2017 eta 2018 urteetan IPARK enpresak kudeatu du zerbitzu hori, zegozkion lehiaketa publikoak irabazi eta gero.
  • 2018ko uda igaro ondoren, zerbitzuaren eta ordenantzaren inguruan hausnarketa egin zen, hainbat eragilez osatutako mahai tekniko-politiko batean. Mahai horretan hainbat aldaketa adostu ziren zerbitzua hobetzeko asmoz.
  • Hau guztia landu ondoren TAO zerbitzua esleitzeko prozesua jarri zen martxan. Oraingo honetan, esleipena  3 urterako atera zen (beste bi urtez luzatzeko aukerarekin). Lehiaketa publiko horren oinarrietan zehaztu zen TAO bulegoa 2019ko maiatzaren 15ean irekiko zela, hau da, zerbitzua martxan jarri baino hilabete lehenago.
  • Aipatu lehiaketara sei enpresa aurkeztu ziren, eta eskaintza guztiak aztertu ondoren, EYSA enpresak irabazi zuen lehiaketa.
  • Esleipena egin ostean, ordea,  eta kontratua sinatu aurretik sei enpresa horietako batek errekurtsoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzan, KEAOn (Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan). Horren ondorioz, esleipen prozesu guztia gelditu egin behar izan da, Eusko Jauralaritzako organo horrek erantzun bat ematen ez duen bitartean ezin delako kontratu berria sinatu.
  • Denbora aurrera joan ahala erantzunik ez zegoela ikusita, Udalak bere esku zegoen gauza bakarra egin behar izan du, alegia, iazko kontratua irabazi zuen IPARK enpresari kontratua luzatu, esan bezala, beste aukerarik ez zegoelako.
  • Horrelako prozesuek ondo joanda ere, hilabeteak behar izaten dituzte, eta gertatutako gorabehera hauen guztien ondorioz Udalaren aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri dira eta sahiestu ezin izan dugun atzerapena ekarri dute.
  • Zumaiako Udaletik beraz, barkamena eskatu nahi diegu herritarrei gauzak ez direlako egin Udaletik nahi genuen moduan, behar den patxadarekin eta denborarekin. Kasu honetan, Udalaz gaindiko arrazoiak direla eta,  konponbidea ez da gure esku egon eta egoeraren aurrean ahalik eta erabakirik egokienak hartzea beste aukerarik ez dugu izan. Ulertuko duzuelakoan, sortutako eragozpenen aurrean barkamena eskatzea besterik ez zaigu gelditzen.