Zumaiako udalerrian, janari-ibilgailuentzako baimenen esleitzea arautuko du Udalak

2019/01/25
Zumaian egun berezietan jartzen diren janari-ibilgailuak ahalik eta era egokienean arautzeko asmoz, baimenen esleitzearen araudi berria osatu du Udalak. Ogitartekoak eta patata frijituak saltzeko 3 lizentzia banatuko dira, 2 Amaia plazan eta 1 Pulpon eta esleipena zozketa bidez egingo da.

Zumaian egun berezietan jartzen diren janari-ibilgailuak ahalik eta era egokienean arautzeko asmoz, baimenen esleitzearen araudi berria osatu du Udalak eta datozen egunetan GAOan argitaratu ondoren, jarriko da indarrean.

Araudi honek, salmenta jarduera horiek ondorengo 11 egunetara mugatzen ditu 2019an: martxoaren 2a, apirilaren 27,28 eta 29a, maiatzaren 3 eta 4a, ekainaren 29a, abuztuaren 3a, 10a eta 17a, irailaren 21a eta abenduaren 31. Egun horietan, janari-ibilgailuek ogitartekoak eta patata frijituak saldu ahal izango dituzte, 22:00ak eta 6:00ak bitarte.

Ogitartekoak eta patata frijituak saltzeko 3 lizentzia banatuko dira, ondorengo kokalekuetarako: 2 Amaia plazan eta 1 Pulpon. Esleipena zozketa bidez egingo da eta prozedura honetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da eskabidea eta iragarkiak zerrendatzen dituen agiriak aurkeztea, iragarkia GAOn argitaratu eta 15 eguneko epean. Lizentzia eskuratzen dutenek 2019ko aipatu egun horietan jarri ahalko dituzte janari-ibilgailuak zozketa bidez egokitutako kokaleku horietan.

Lizentzia norberak erabiltzeko da eta ezingo zaio hirugarren bati utzi. 2019ko 11 egun horietan janari-ibilgailuak jartzea baimentzen duen lizentzia horren truke, onuradunak, 1.789,08 euro ordaindu beharko dizkio Udalari, aparkaleku erreserba, udal bide publikoen lur, lur azpi edo lur-gainaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezi eta kaleko salmenta kontzeptuetan.