Zumaian egingo diren goazen antzezlanaren bi saioetarako sarreren salmenta urtarrilaren 24an hasiko da

2019/01/11

Ikuskizun honek piztu ohi duen interesa aintzat harturik, aurten, lehen aldiz, sarrerak internet bidez erosteko aukera emango du Udalak, horrela, sarreren erdiak Oxford aretoan aurrez aurre erosi ahal izango dira eta beste erdiak internet bidez. Sarrera guztiek prezio bera izango dute, 6 euro, eta pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera erosi ahal izango ditu.

Otsailaren 16an GOAZEN antzezlanaren bi saio izango ditugu Zumaian. Zumaiena aretoan izango da antzezlana, 17:00etan lehenengo saioa eta 19:00etan bigarrena. Ikuskizun honek izan ohi duen erantzuna ikusita eta herritarrentzat sarrerak lortzea errazteko, aurten lehen aldiz Internet bidezko salmenta ere bideratuko du Udalak. Herritar ugarik egindako eskaera bati erantzuten dio, hain zuzen ere, internet bidezko salmenta honek.

Sarrerak, beraz, bi eratara erosteko aukera egongo da, saio bakoitzerako erdiak bertako salmentan, eta beste erdiak internetez. Bi salmentak egun berdinean hasiko badira ere, urtarrilaren 24an, zumaiarrei lehentasuna emateko helburuarekin, bertako salmenta 17:00etan hasiko da eta internet bidezkoa, aldiz, 19:00etan. Bertako salmenta Oxford aretoan egingo da eta  Internet bidezkoa egiteko gunearen helbidea aurrerago, baina garaiz, iragarriko da. Interneteko sarrerak inprimatzea derrigorrezkoa izango da.

Sarrera guztiek prezio bera izango dute, 6 euro, eta pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera erosi ahal izango ditu.

Kultura sailak adierazi du lehen aldia izanik, salmenta guztia ondo joan ezkero martxoaren 4ean izango den Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Muxua” ikuskizunerako salmenta ere era horretara egingo dela.