Zumaian ere abian da abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina

2010/02/10

Herriko etxe guztietara helarazi dute kanpaina eta toki esanguratsuetan ere eskuragarri jarri dira abizenak euskalduntzeko jarraibideak azaltzen dituzten postalak.

 

UEMAk bultzatuta, Guk abizena, zuk? kanpaina jarri da martxan Zumaian, euskal abizenak modu ofizialean eta toki guztietan euskaraz izan nahi dituztenentzat. Hartara, Arteche, Aguirre, Aurrecoechea, Echenique edo Echeverria aldatu eta Artetxe, Agirre, Aurrekoetxea, Etxenike edo Etxeberria bihurtzeko aukera izango dute interesatuek. Izan ere, Zumaiako telefono aurkitegia hartu besterik ez dago ikusteko zenbat eta zenbat euskal abizen dauden oraindik gaztelaniazko grafiarekin: ch, c, qu eta gui ugari dago oraindik, beste garai baten arrasto baten moduan.

UEMAko arduradunen ustez, “hizkuntza bateko abizenak beste hizkuntza batean idaztea ez da normala”. Ekimenaren helburua normalizazioa besterik ez dela gaineratu dute kanpainaren sustatzaileek, eta gogorarazi dute hizkuntza normalizatuetan ez dela horrelakorik gertatzen: “Ingelesek Shakespeare idazten dute, eta ez Xexpir, eta espainolek Cervantes idazten dute eta ez Zerbantes. Nor gara euskaldunak horiek berridazten hasteko? Aguirre edo Echeverria abizenak baldin badira, zergatik ez Agirre eta Etxeberria idatzi, euskaraz? Ingelesak ala espainiarrak baino gutxiago ote gara, ba?”

Zumaian etxe guztietara helarazi dute abizenak euskalduntzeko kanpaina, UEMAren neguko Berripaperaren bitartez. Horrez gain, Zumaiako toki esanguratsuetan (udaletxean, Forondan, Turismo bulegoan…) postalak jarri dira abizenak euskalduntzeko jarraibideekin.

Abizena euskalduntzeko urratsak

Abizena euskal grafiara moldatu nahi dutenek hiru pauso hauek eman behar dituzte:

1.- Bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula. Zumaian epaitegia goizeko 9:00etatik 14:00etara egoten da zabalik, Kantauri plazako  6. zenbakian.
2.- Han emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
3.- Agiri hauek eraman:
- Nortasun agiriaren fotokopia. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere beharko duzu.
 - Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian bertan emango dizute)
 - Errolda agiria (udaletxean emango dizute)
 - Ezkonduta bazaude edo seme-alabarik baduzu, familia liburua (adinez txiki diren seme-alaben abizenak automatikoki aldatuko dira)
- 16 urtetik gorako seme-alabarik baduzu, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.

Udaleko Euskara Zerbitzuaren atal honetan eskuratu dezakezue abizenak euskalduntzeko kanpainaren postala.