Zumaian ere euskara gara

2026/03/24

Bihar (martxoak 25) igaroko da 24. Korrika Zumaiatik. Zumaiako Udalak ere hartuko du lekukoa, euskararekin duen konpromisoaren adierazle. Korrikan nahiz Korrikaren harira antolatu diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak zumaiarrak.

Martxoaren 19an hasi zen Atharratzen, eta igandean amaituko da, hilaren 29an, Bilbon. Tartean, 2.180 kilometro egingo ditu, eta 460 herri zeharkatuko. Baita Zumaia ere. Biharko 17:18an helduko da Getariatik, eta 18:00ak bitarte zeharkatuko du herria. Itziar aldera joko du gero.

Zumaiako Udalak ere hartuko du lekukoa, euskararekin eta euskalduntzearekin duen konpromisoaren adierazle. Zumaiako Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu bai Korrikan parte hartzera, eta baita Korrika Kulturalaren barruan antolatu diren ekintzetan parte hartzera ere. 

Hona hemen arratsalde partean izango den egitaraua:

  • Arratsaldean zehar, adarjotzaileak herria girotzen.
  • 16:45ean, Musika Eskolako ikasleekin kalejira, Musika Eskolatik Kofradiara.
  • 17:45ean, Emakumeon* Etxeko batukada taldea, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. 
  • 17:15etik 18:00ak bitartean, Korrikak Zumaia zeharkatuko du.
  • 18:00etan, jatekoa eta edatekoa herriko tabernen laguntzaz, Kofradian. Bitartean, Korokoiak koroa eta Zutrik.