Zumaian eskuz esku bigarren eskuko azoka egingo da abenduaren 10ean

2011/11/25

Abenduaren 10ean egingo dute Zumaian Bigarren Eskuko Azoka, Alondegian. Hirugarren edizio honen berrikuntza nagusia da elkarteek eta partikularrek postuen arreta hartzeko aukera izatea eta, beraz, nahi duena aritu ahal izango da salmentan. Gainerako produktuak saltzeaz antolakuntza arduratuko da. Postua jarri edo produktuak saldu nahi dituztenek abenduaren 4 arteko epea dute Algorri Zentroan eskaerak egiteko. Salmentaren % 100 jasoko du.

 

Hilabete eskas falta da Gabonak iristeko. Urteko kontsumo-jarduera handieneko unea izan ohi  da Eguberrien ingurukoa. Bizi dugun krisi ekonomiko latza, ordea, bestelako erosketa-ohiturak bilatzeko eta probatzeko aukera izan daiteke. Izan ere, gure planetaren baliabideen ustiapenean eta gastuan zerikusi zuzena dute egunero erabiltzen ditugun tresna eta aparatu askok. Kontsumo jasangarriaren bide horretan, Algorri Zentroa bigarren eskuko azoka antolatzen hasi zen, Zumaiako Udalaren ekimenez, duela bi urte.

 

Ekimenaren arrakasta, eta izandako eskaerak ikusita, aurten antolatzaileek erabaki dute hala eskatzen duten pertsonei edo elkarteei salmenta-postua jarteko aukera ematea. Produktu bakoitzaren prezioa jabeak ezarriko du, eta salduz gero irabazien % 100 jasoko du. Produktu mota asko jar litezke salgai (ikus-entzunezkoak, liburuak, pelikulak, Cdak, arropen osagarriak, jostailuak, tresna elektriko txikiak...), baina ez da onartuko ez arroparik, ezta telefono mugikorrik ere.

 

Informazio gehiago: Algorri Interpretazio Zentroa, 943143100.