Zumaian euskaraz erosi eta saria irabazi

2011/11/11

Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuak herriko establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko ekimen berri bat jarri du abian.

 

Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuak beste ekimen bat jarri du martxan herriko merkatari, ostalari eta bezeroen artean euskara gehiago erabiltzea bultzatzeko, eta beraien arteko harremanak finkatzeko.

Ekimenak bi ekintza hartuko ditu bere baitan, alde batetik erosketak euskaraz egin daitezkeen establezimenduetan adierazgarri bat jarriko da, eta bestetik, bezeroak horretara animatzeko lehiaketa bat ere egingo da.

Nahi duten establezimenduek adierazgarri bat jarriko dute bezeroek ikusteko moduko tokian, eta horrekin erosketa euskaraz egiteko aukera dagoela adieraziko dute. Adierazgarriak hiru maila bereizten ditu:

- Euskaraz, NAHI BADUZU (euskaraz aritzeko arazorik ez badu)

- Euskaraz, ULERTZEN DUT (euskaraz ulertu, baina erantzuteko arazotxoren bat edo beste baldin badu)

- Euskaraz, POLIKI MESEDEZ (euskaraz ulertu eta aritzeko arazo handixeagoak dituenean, baina ahalegina egiteko prest dagoela adierazteko)

Horrekin batera, bezeroei zuzendutako lehiaketa jarri da abian. Zumaiar guztiek etxean jasoko dute orri bat. Orri horren alde batean adierazgarriaren berri emango zaio bezeroari, eta bestean, lehiaketa batean parte hartzeko aukera.

Lehiaketan parte hartzeko, bezeroak hiru galdera erraz erantzun beharko ditu; ondoren, adierazgarria duen edozein establezimendutan zigilatu eta Turismo Bulegora eraman beharko du. Horregatik, eta besterik gabe, oparitxo bat jasoko du. Baina beste opari handiago bat lortzeko aukera ere izango du: abenduaren 3an, Euskararen Egunean, zozketa egingo da jasotako erantzun guztien artean, Torreberrin, 13:00 inguruan, eta irabazleak bi lagunentzako afaria izango du herriko jatetxe batean. Dendari edo ostalariek ere saria jasotzeko aukera izango dute, orria zigilatu duen establezimenduak ere bi lagunentzako afaria irabaziko duelako.

Ekimena abian jarri aurretik herriko 100 denda baino gehiagotan inkesta bat egin zen urte hasieran. Inkestaren ondorioa honakoa izan zen: galdetutako establezimendu ia guztietan (%95) euskaraz dakien norbait ari da lanean, eta establezimenduen (%75) prest agertu ziren bezeroak euskaraz eros dezakeela dioen adierazgarria jartzeko.

Inkestaren emaitzak oinarri hartuta, Euskara Zerbitzua eta merkatari talde bat elkarlanean hasi ziren. Bilera batzuk egin dituzte eta elkarlan horren ondorio da ekimen hau. Euskara Zerbitzuak eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte hartzen ari diren merkatariei, eta bereziki bileretan parte hartu dutenei.

Euskara Zerbitzuak parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, Zumaian erosketak euskaraz egiteak saria daukalako.