2009/2010eko prozesua

 

1.    Parte-hartze prozesuari buruzko informazioa


Aurkezpen orokorra
Aurrekontuak_bannerra

Zumaiako Udalak, 2008. urteko azken hiruhilekoan, udal-aurrekontuak era parte-hartzailean lantzeko prozesua jarri zuen martxan lehen aldiz. Bertan, auzo guztietako bizilagunek hartu zuten parte, baita arlo eta talde desberdinetakoek ere eta, nola ez, udal-teknikari eta politikariek.

Herritar eta udal-langileria nahiz -politikarien arteko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketaren bidez, prozesu haren emaitza parte hartu zuten guztiek adostutako beharren zerrenda izan zen. Eta, horrekin batera, Zumaian parte-hartzearen eta eraikuntza kolektiboaren lehen urratsak eman ziren. (Kontsultatu iazko proposamenen erantzunak).

Horregatik, aurten ere, Zumaiako Udalak parte-hartzearen inguruko apustua egingo du eta datorren urteko aurrekontuak lantzeko parte-hartzean oinarritutako prozesua martxan jarriko du. Hori dela eta, elkarrekin egin beharreko bide honetako hurrengo urratsak ematera animatu nahi ditu herritar guztiak. Izan ere:

-    Udalak eta herritarrok orain arteko ohiturak aldatu behar ditugu eta parte hartzen eta elkarrekin eraikitzen ikasi behar dugu.

-    Aurrekontuak urtez urte erabakitzen diren arren, Udalak epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin egiten du lan. Hori dela eta, herritarrekin batera erabakiko dugun aurrekontuaren kopurua urtetik urtera handituz joango da. Aurten, aurrekontuetarako proposamenak jasotzeaz gain, epe luzeagorako nahiz ikuspegi estrategikoz egindako ekarpenak ere jaso nahi ditugu.
                                                   

Ekarpenak jasotzeko saioak


2010eko herri-kontuen inguruan ekarpenak egiteko prozesua honela egituratu dugu:

Auzokako bilerak: Zumaiako herritarrak, auzoka bilduta, bakoitzaren gertuko errealitatetik ekarpenak egiteko saioak izango dira. Bertan, 2009ko aurrekontuak aztertuko ditugu eta iazko parte hartzeko prozesuak izan duen eragina ikusiko dugu; Udaleko kontuen egoera aurkeztuko dugu; eta 2010erako aurreikusita dauden proiektuak ezagutuko ditugu. Hori guztia kontuan izanda, herritarren ekarpenak jasoko ditugu.
Zumaiako auzoak 4 taldetan bildu ditugu eta talde bakoitzak bilera bat egingo du, auzo bakoitzak bere egoera aztertzeko:


-    1. taldea: Paolaldea, Larretxo, San Telmo eta Ardantzabide
-    2. taldea: San Jose, Odieta, Alde Zaharra eta Erribera kalea
-    3. taldea: Basadi, Aita Mari, Alai eta Puntanoeta
-    4. taldea: Narrondo, Artadi, Oikia (Urteagaberri), Estazioa eta Jadarre

Arlokako bilerak: auzoetako bileretan egindako ekarpenak jaso ondoren, ikuspuntu sektorialago batetik lan egingo dugu eta, horretarako, Udaleko batzorde informatiboen arabera antolatuko gara. Udaleko batzorde informatiboak 3 taldetan bildu ditugu eta talde bakoitzarekin bilera bana egingo dugu, proposamenak aztertu, aberastu eta egokitzeko:


-    1. taldea: Kultura eta Kirola
-    2. taldea: Gizarte Zerbitzuak eta Euskara/Hezkuntza
-    3. taldea: Ingurumena/Hirigintza eta Partaidetza/Etorkinak/Berdintasuna/Gazteria

Zumaiako Udaletik herritar guztiak animatu nahi ditugu bileretan parte hartzera eta ekarpenak egitera.
Denok ahalegin txiki bat eginez gero, poliki-poliki aurrera egingo dugu Zumaia herri parte-hartzaileagoa izan dadin!

Zalantzarik izanez gero, mesedez idatzi komunikazioa@zumaiakoudala.net helbidera edo deitu 943 865025 telefono-zenbakira.

 

 

2.    Datak


Parte-hartze prozesua irailean hasi eta abenduan bukatuko dugu.

Jarraian, saio bakoitzaren data, ordua eta tokia:

 
Data            Ordua    Saioa                                                                        Tokia      
Urriak 6        19:00    Parolaldea, Larretxo, San Telmo eta Ardantzabide    Udaletxea      
Urriak 8        19:00    Odieta, San Jose, Alde Zaharra eta Erribera kalea     Udaletxea      
Urriak 13      19:00    Basadi, Aita Mari, Alai eta Puntanoeta    Branka      
Urriak 15      19:00    Narrondo, Artadi, Oikia, Estazioa eta Jadarre             Branka      
Urriak 26      19:00    Kultura eta Kirola                                                        Udaletxea     
Urriak 27      19:00    Gizarte Zerbitzuak eta Euskara/Hezkuntza                Udaletxea     
Urriak 28      19:00    Ingurumena/Hirigintza eta Partaidetza/Etorkinak/Berdintasuna/Gazteria     


Bilera hauek guztiak egin ondoren, emaitzak jasotzeko txosten bat egingo dugu eta Aurrekontu Batzordean aztertuko dugu. Bertan prozesu guztian zehar parte hartu duten pertsonak izango dira: herritarrak, udal-teknikariak eta politikariak.

Abenduaren 14an, astelehena, 19:00etan egingo da Aurrekontuen Batzorde Herritarra, udaletxeko pleno-aretoan.

 

3. Ekarpenak egiteko orria


2010eko aurrekontuetarako ideia edo proposamenik bai? Nahi baduzu zuzenean Udaleko webgunetik egin ditzakezu ekarpenak. Horretarako, egin klik hemen.