Usurbiribillaga eremuko paduren berreskurapen lanak (2019-2023)
Urola ibaiak gora egin ahala Usurbiribillagako Padura aurki dezakegu. Zumaiaren kasuan, Urola ibaiaren bokaleko eremu lauetan metatzen diren sedimentu finen ondorioz sortzen da padura, eta ingurune berezi eta interesgarria osatzen du. Tokiko gazitasun handia dela eta, bertan bizi diren landare gehienak mota horretako inguruneetara bakarrik egokituta daude. Landare horiek komunitate bereziak eta askotarikoak osatzen dituzte.
Itsasaldien eragina dela eta, paduretako landaredia oso bereizgarria da, itsas urarekiko duen jasankortasunaren arabera. Paduraren behealdean, substratu bigun eta ezegonkorretan, alga berdeak baino ez daude. Itsasgora ertainek ureztatutako eremuetan, lohien gainean, gramineo-eremuak ezartzen dira. Itsasgora biziek soilik ureztatutako eremuetan, padurari dagozkion landareak ikusten dira. Landare horien artean halofiloak dira nagusi: gatzarekiko tolerantziarik handiena dutenak behealdean jartzen dira, eta tolerantziarik txikiena dutenak, berriz, goialdean.
Naturan, ingurune desberdinen arteko mugetan dauden tokiek balio biologiko handia dute. Paduretan, itsasoko, ibaietako eta lurreko eremuak elkartzen direnean, dinamika konplexua sortzen da eta padura-ekosistema sortzen da. Zehazki, padura-ekosistema da Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemen aberastasun biologiko handiena duena.
Udalak 2019an abian jarri zuen proiektuaren bi protagonistak ere Zumaiako Usurbiribillaga inguruan kokatzen dira. Baina film gehienetan bezala, protagonista zintzoa eta ez hain zintzoa ere badugu gure ibilbidean. Gure kasuan, desagertzear dagoen espeziea Spartina maritima autoktonoa da eta Spartina alterniflora inbaditzaile aloktonoa dira, Usurbiribillaga inguruan genuen Spartina maritima autoktonoa mehatxatzen ari dena. 2009an, Spartina maritima landare-espezieak 12 m²-ko azalera zuen, eta ordutik desagertutzat eman da Zumaian.
Spartina zelaiak Europako legeriak babestutako habitatak direnez, naturguneen legeriak Spartina maritima eremuak babesten ditu, eta Spartina espezie arrotzak desagerraraztea eta espezie autoktono batekin ordezkatzea bultzatzen du.
Helburu horiei jarraiki, 2019an, Usurbiribillagako padura lehengoratzeko lanei ekin zitzaien; besteak beste, honako hauek nabarmendu ziren: putzu geza sortzea, Spartina alterniflora arrotzaren erauzketak, Urdaibaiko populazio bateko Spartina maritima autoktonoaren landare-translokazioak, Spartina maritimaren hazietatik landareak lortzea eta Beduako eremuan landatzea, padura-espezie egituratzaileen haziak biltzea etorkizuneko berreskuratze-lanetarako eta dibulgazio-jarduerak egitea herritarrak sentsibilizatzeko.
Gaur egun, Spartina maritima berreskuratzea lortu dugu; egun 20,47 m²-ko azalera betetzen du, eta Spartina alterniflora espezie arrotzaren azalera 16 m²-tan murriztu da nahiz eta oraindik bere azalera oso handia izan Usurbiribillagako eremu horretan. Udalaren eta hainbat administrazioren lana da horrelako filmek amaiera zoriontsua izatea, eta, horretarako, jarraipen lanak bermatzea ezinbestekoa da. Ondorioz, eskertzekoak dira Zumaiako Udala eta Eusko Jaurlaritza biodibertsitatearen alde egiten ari diren ekintzak. Jarrai dezagun horrela!
Ba al zenekien…
- Euskal Autonomia Erkidegoko paduren % 50 desagertuta daude. XX. mendearen bigarren erdialdeko industrializazio-prozesu handiak ekarri zuen hazkunde demografiko eta urbanistikoaren ondorioz, gizakia kostaldeaz jabetu da, eta padurak eta marearteko lautadak hondatzeaz gain, batzuetan desagerrarazi ere egin ditu. Pasaiako badia, Oiartzun ibaiaren haranak edo Donostiako hiria bera dira horren adibideak.
Ba al zenekien…
Zumaiako Udala eta Eusko Jaurlaritza 2019tik ari dira Usurbiribillaga inguruan berreskuratzeko lanak egiten, FEDER funtsen diru-laguntzen barruan.








