Internetik gabe zeuden Zumaiako eskoletako ikasleek doako konexioa izango dute

2020/04/02

Udalak ikasle guztiek interneterako konexioa izatea bermatuko du, herriko ikastetxeekin elkarlanean, eta guifi.net sarearen bitartez. Behar hori duten ikasleen familiek 943 86 22 00 telefonora deitu beharko dute.

COVID19a dela eta dekretatu den alarma egoeraren ondorioz, ikastetxe guztiak itxita daude eta eskolak internet bidez ematen ari dira. Udalaren helburua Zumaiako haur eta gazteen hezkuntza eskubidea bermatzea da eta, horretarako, ikastetxeekin elkarlanean, behar hori zuten ikasleekin eta horien familiekin harremanetan jarri dira. Internet sarerik ez duten eta horren ordainketarako arazoak dituzten ikasleen familiei 943 86 22 00 telefonora deitu beharko dutela azaldu dute.

Hala, Udalak Zumaiako eskolei aukera eman die internet konexioarekin arazoak dituzten haurrei internet sarea ordaintzeko. Hainbat eskaera jaso dira, eta bitarte horretan Talaikide enpresa zumaiarra Udalarekin harremanetan jarri da guifi.net sarearen bidez internet konexioa doan eskainiko duela esanez.

Udalaren, herriko ikastetxeen eta Talaikide enpresaren arteko elkarlanari esker, Zumaiako haur guztiek klaseak jarraitzeko moduko internet konexioa bermatuta izango dute.