Zer da atez ateko bilketa sistema?
Atez Ateko gaikako bilketa sistema hondakinak atalka biltzeko sistema da. Bilketa mota honen ezaugarri nagusia da, etxebizitza bakoitzak sortzen dituen hondakinak bereizita eta gutxieneko kontrolarekin biltzea.
Atez Ateko sistema ez da hondakinak gaika biltzeko sistema bakar eta itxia. Atez ateko bilketaren sistemak modalitate eta eredu ezberdinak ezartzeko aukera zabala eskaintzen du. Eta horrelaxe gertatzen da mundu zabalean. Munduko herrialde ezberdinetan atez atekoak eskaintzen dituen aukera ezberdinak daude ezarrita, tokian tokiko beharretara egokituta.
Hala ere, Gipuzkoan hondakin guztiak gaika biltzeko eredua dago zabalduta. Gipuzkoako hainbat herritan (Hernani, Antzuola, Oiartzun eta Usurbilen besteak beste) hondakin guztiak biltzen dira gaika, eta etxez etxe. Hau da, ez da kalean edukiontzirik utzi. Zenbait eredutan, ordea, beira edo papera eta kartoiaren edukiontziak kalean uzten dira. Beti ere, material horien gaikako bilketa ondo egiten dela bermatuta.

