Zero Zabor politikaruntz

 

Zero zabor filosofia mundu mailako mugimendu bat da. Mugimendu honek helburu bat du oinarrian: Gaur egungo bizimoduak sorrarazten dituen hondakinen kudeaketa iraultzea. Gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uztean da helburua, hain zuzen ere.

Zero Zabor filosofia hiru hitzetan laburbildu dezakegu: murriztu, berrerabili eta birziklatu.

 

Eta hamar urratsetan definitu: Zero zabor logoa

1-Jatorrian bereizi. Zero Zabor helburura iristeko, hondakinak ez nahastea da lehen urratsa, etxean bereiztea, bilketa selektibo egokia egiteko gero.

2-Atez ate bildu. Atez ateko bilketa hobesten du Zero Zabor mugimenduak. Bilketa selektiboan %80tik gorako emaitzak lor ditzakeela frogatu duen bakarra da oraingoz, etamugimendu honentzat ezinbestekoa da hondakinak bereizita biltzea, birziklatzeko.

3-Konpostatu. Garrantzi handia du materia organikoa konpostatzeak, eta gehiago norberak etxean egiteari. Materia organikoa lurrera itzultzen da,  eta hondakinen kudeaketa sistematik ateratzen da.

4-Birziklatu. Bereizita bildutako hondakinak birziklatzea da hurrengo pausoa. Birzikla daitezkeen hondakin guztiak birziklatu behar dira.

5-Berrerabili/ konpondu. Badira berrerabil edo konpon daitezkeen gauzak,  materialak hondakin bihurtzen ez uztea da helburua, eta horiek aprobetxatu beharra dago.

6-Hondakin gutxiago sortu. Hondakinak gutxitzeko neurriak funtsezkoak dira, eta norbere esku dago.

7-Pizgarri ekonomikoak. Zero Zabor helburura hurbiltzeko neurriak hartzen dituztenek pizgarri ekonomikoak izan behar dituztela aldarrikatzen du mugimenduak, eta gehiago kutsatzen dutenek gehiago ordaindu behar dutela.

8-Errefusa ikertu. Ahal den eta guztia murriztu, birziklatu eta berrerabili ostean gelditzen diren hondakinen (errefusaren) ikerketa bultzatu behar da, errefusa bihurtuko den gairik ez ekoizteko etorkizunean.

9-Industriaren ardura. Aurreko puntuari lotuta, industriari eskatzen zaio birziklatu edo berrerabili ezin diren gaiak ez ekoizteko eta ingurumenarekin arduraz jokatzeko.

10-Aldi baterako zabortegiak. Zero Zabor helburura iritsi bitartean aldi baterako zabortegiak beharko dira. Inerteak botako lirateke zabortegi horietara; kutsakorra izango ez den zaborra, alegia.

Produktuak berrerabili eta birziklatzeko diseinatzea lortu nahi da filosofia honen bidez. Zero Zabor azken helburu bat da, erreferentzi bat. Norabide bat markatzen du. Pausoka-pausoka egin beharreko ibilbidea markatzen du, eta baita azken helburu bat ere, baina helburua ez da egun batetik bestera lortzeko modukoa.

Zero zabor politiken barruan eman daitezkeen ekintza txikiak guztion eguneroko keinuetatik hasten dira. Azken finean, bakoitzak sortzen baititu bere hondakinak. Eta hondakin horiek gero eta gutxiago sortuz, sortutakoa berrerabiliz eta birziklatuz emango baitiagu buelta hondakinen arazoari.

Epe motzean egin daitezkeen aurrerapauso asko daude, eta norabide horretan etengabeko hobekuntzan egitea beharrezkoa da. Jarraibide hoiek bete ahal izateko hartu beharreko neurri sorta zehaztean eta xede horretarako epe eta baliabideak ezartzean datza Zero Zabor programa. Zero zabor programa batek aurrera egiteko urratsak zehazteaz gain, aurrerabidean oztopo izan daitezkeen azpiegitura eta inbertsioak ekidin behar ditu.