FOTOTEKA
Nolakoa zen garai batean Zumaia? 90eko hamarkadan, galdera horri erantzun nahian, argazkiak biltzen hasi ziren Zumaiako Udala eta garai hartako argazki elkartea. Urte batzuk geroago, 2005ean, argazki haiek katalogatu eta digitalizatzeari ekin zitzaion, Eusko Ikaskuntzarekin lankidetzan. Gaur egun, Zumaiako historia politiko, sozial eta kulturalaren lekukotza eskaintzen digun argazki bilduma ederra da fototeka. Artxiboa Eusko Ikaskuntzaren webgunean egon da orain artean, eta, orain, webgune propioan jaso dira argazki guztiak.
Ia 800 argazki daude bertan, garai askotakoak eta gai askori buruzkoak. Gehienak 1870 eta 1977 urte bitartekoak dira, eta arloka banatuta daude: antropologia, etnografia eta folklorea; arteak; biografia; biologia eta geologia; ekonomia; erlijioa eta teologia; garraiobideak eta komunikazioak; geografia eta lurraldearen antolamendua; gizarte eta giza zientziak; eta, jokoak, kirolak eta ikuskizunak.
Zumaiako Udalak fototeka osatzen jarraitu nahi du. Horregatik, herritarrei eskatu nahi die, etxean argazki zaharrak baldin badituzte, gehitu ditzatela artxibora. Horretarako, Kultur Sailarekin harremanetan jartzea besterik ez dute.