OLARRO EGUNA IZANGO DA ZUMAIAN LARUNBATEAN
Besteak beste, herri bazkaria, lehiaketa gastronomikoa, argazki rallya eta batel estropadak antolatu ditu Olarro Egunerako Udalak, herriko elkarteekin batera, herritar zein bisitari guztien gozamenerako.
- Era berean, Udalak jakinarazi du dagoeneko salgai daudela turismo bulegoan herri bazkariko txartelak, baita kamiseta eta zapiak ere
Uda sasoiari behar bezalako itxiera emateko, Zumaiak Olarro Eguna ospatuko du larunbatean. Aurtengoa 13. edizioa izango da, eta ohikoa den bezala, gastronomia eta bereziki olagarroa izango ditu protagonista.
Horiek horrela, goizeko lehen ordutik hasita ekintza egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute zumaiarrek eta bisitariek. Udalak herriko talde eta eragileekin batera antolatu dituen ekimenen artean, XIII. lehiaketa gastronomikoa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan; aurten herriko elkarte eta kuadrillek olagarroa patatekin prestatuko dute. Horrez gain, beste hainbat ekintza ere izango dira, hala nola, haur jolasak, elikagai azoka, Olarro Eguneko X. bandera lehiatzeko batel estropadak, kalejira, kontzertuak... Halaber, goizean eta arratsaldean hainbat txosna egongo dira olagarro zopa eta broxetak eskaintzeko: Gernika parkean, Eusebio Gurrutxaga plazan, taxi geltokiaren inguruan, Erribera kalean, Alondegian, Arranplan eta Amaiako plazan; azken horretan zeliakoentzat olagarro zopa ere eskainiko dute.
Berrikuntza bat ere bada aurten. Turismo bulegoak Flyscheko olagarroa bisita gidatua antolatu du, eta azalpenak emango dituzte egun berezi honen jatorriaz eta olagarroak Zumaiarentzat duen garrantziaz. Lehen bisita euskaraz egingo da, goizeko 11:00etan, eta bigarrena gaztelaniaz, 12:30ean. Interesdunek turismo bulegora jo dezakete informazio gehiago jasotzeko.
Festa egun honen harira, Zumaiako Udalak jakinarazi du dagoeneko salgai daudela turismo bulegoan herri bazkarirako txartelak, eta kamiseta zein zapiak ere bai.
Argazki rallya
Era berean, Olarro Egunarekin batera, argazki rallyaren XII. lehiaketa egingo da. Parte hartu nahi duten guztiek turismo bulegoan izena eman ahal izango dute larunbatean bertan, goizeko 09:00etatik 10:00etara bitartean, eta momentuan bertan adieraziko zaie zeintzuk diren lehiaketarako gaiak.
Horiek horrela, lehiakideek eguerdia bitarte atera ahal izango dituzte argazkiak, betiere Zumaiako udalerriaren mugen barruan. 13:00etatik 14:00etara turismo bulegoan irudiak deskargatzeko aukera izango dute –gehienez 36 argazki–. Horietako 5 argazkiz osaturiko bilduma aurkeztu beharko dute irailaren 28a baino lehen. Bilduma, olarroeguna2016@gmail.com helbidera bidali beharko dute eta bertan, parte-hartzailearen zenbakiaz gain, gai bakoitzerako aurkeztutako fitxategiaren izena zehaztu beharko da.
Sari hauek banatuko dira adin nagusikoen artean:
- Lehen bilduma: 150 €-ko balioa duen Zumartian erosketa txartela eta garaikurra
- Bigarren bilduma: 120 €-ko balioa duen Zumartian erosketa txartela
- Hirugarren bilduma: 90 €-ko balioa duen Zumartian erosketa txartela
- Lehen zumaiarrarentzat: 60 €k-o balioa duen Zumartian erosketa txartela
Era berean, parte-hartzaile guztiek Herriz-herri lehiaketarako baliagarria izango den puntuazioa ere jasoko dute.