Suziri eta petardoekin kontuz eta arduraz ibiltzea eskatzen die Udalak herritarrei

2025/12/05

Gabon garaia iristearekin batera, Zumaiako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die petardoek eta gainerako artikulu piroteknikoek sortzen dituzten arriskuak eta eragozpenak. Zarata handiak, sute-arriskuak eta pertsonengan zein animaliengan eragindako estresa direla eta, Udalak dei egiten du pirotekniaren erabilera ahalik eta gehien mugatzera, eta jaiak segurtasunez eta elkar zainduz ospatzera.

Gabon garaian ohikoa da petardo eta bestelako artikulu piroteknikoen erabilera handitzea. Hala ere, horrek hainbat arrisku eta eragozpen sor ditzake, bai segurtasunari dagokionez, bai pertsonen eta animalien ongizateari dagokionez. Horregatik, Zumaiako Udalak honako gomendio hauek helarazi nahi dizkie herritarrei, jaiak modu seguruan eta errespetuz ospatzeko.

Era berean, halako produktuak saltzen dituzten herriko komertzioekin harremanetan jarriko da Udala, adin-murriztapenak eta bestelako lege betearazpenak gogorarazteko.

Oro har, pirotekniaren erabilera ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen du Udalak, eta, erabiltzekotan, ondorengo oharrak oso kontuan hartzea:

1) Segurtasun-arriskuak saihestu

Pirotekniak sute-arriskua eta kalte fisiko handiak sor dezake. Hori dela eta, debekatuta dago:

  • Petardoak arriskutsuak izan daitezkeen guneetan (eraikin inguruetan, ibilgailuen ondoan...) eta jende pilaketak dauden lekuetan botatzea
  • Etxebizitzetako leihoetatik edo balkoietatik botatzea

2) Adingabeen erabilerari buruzko oharrak

Artikulu piroteknikoak ez dira jostailuak, eta adingabeek heldu baten zaintzapean eta beren adinari egokitutako moduan erabili behar dituzte. Udalak azpimarratzen du pirotekniak arrisku handia dakarrela haurrentzat, erredurak, entzumen-kalteak eta bestelako istripuak eragin ditzakeelako.

Honakoak dira adin murriztapenak:

Legeak adinaren araberako salmenta-murrizketa hauek ezartzen ditu:

 

Adina

Baimendutako kategoriak

Adibideak

12 urtetik beherakoak

Ezer ez

Artikulu pirotekniko guztiak debekatuta

12-16 urte

F1

Bengala txikiak, txinparta-barratxoak, lurrera botatzean lehertzen diren petardo txikiak, ke-ontzi txikiak…

16-18 urte

F1, F2

Petardo ertainak, bengala handiagoak…

18 urtetik gorakoak

F1, F2, F3

Suziriak, traka handiak

3) Pertsonen eta animalien ongizatean duen eragina kontuan hartu

Pertsona askok –adinekoek, haurrek eta zaratarekiko sentikorrak diren herritarrek– ondoeza handia pairatzen dute petardoen zaratarekin. Halaber, osasun-arazo zehatzak dituzten pertsonengan ere kalte nabarmenak eragin ditzake. Bestalde, herritarren atseden-eskubidea errespetatzeko, eskatzen da, erabiltzekotan, gaueko ordutegi berantiarretan ez erabiltzea artikulu piroteknikorik.

Petardoen zaratak estres handia eta beldurra sortzen ditu bai etxeetako animalietan zein basafaunan ere. Horregatik, Udalak herritarrei eskaria luzatzen die animalien ongizatea kontuan hartzeko eta piroteknia ahalik eta gehien saihesteko.