Pentsiodunen Mugimenduak bankuen inguruan aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak
Banku pribatuek adinekoekiko duten tratua salatzen dute adierazpenean, eta banku publiko baten beharra aldarrikatu, besteak beste. EH Bilduren botoekin onartu da adierazpena. EAJ eta PSE abstenitu egin dira, aldarrikapen gehienekin ados egon arren, banku publikoaren aldarrikapenaren ez daudelako ados.
Beste udalerri askotan bezala, Zumaiako Pentsiodunen Mugimenduak ere mozioa aurkeztu du Zumaiako Udalean. Pentsiodunen Mugimenduaren izenean Bittor Bengoak hartu zuen hitza atzoko plenoan. Hark adierazi zuenez, "askotan lotsa sentitzen dugu banketxeek herritarrei oro har, eta bereziki adinekoei ematen dieten tratua ikusita". Gainera, oso kezkatuta daude "erakutsi duten jarrarerakin eta beren praktika txarrengatik: itzuli ez dituzten milaka milioi jaso dituzte, abusuzko klausulak handitu dituzte, eta, askotan, gehiegizko klausulak onartzera behartzen gaituzte". Guzti horregatik, banku publikoaren aldarrikapena egin zuten: "Banku etikoago, gizatiarrago eta zuzenago baten ezinbesteko premian gaudela sinisten dugu, eta ziur gaude, hori ezin diezagukela eskaini Banku Pribatuek eta beraien empresa-beharrak, baina bai pertsonak erdigunean jarriko duen Banku Publiko batek".
> Irakurri adierazpena osorik (Pentsionisten Mugimendua)
EH Bilduren udal taldeak baiezkoa eman zion adierazpenari. "Ados gaude testuan jasotzen diren aldarrikapenekin: adinekoekiko tratua derrigor hobetu beharra dagoelako, eta banku publikoaren aldarrikapenarekin ere ados gaude", esan zuen Iñaki Ostolaza alkateak. EAJ eta PSE abstenitu egin ziren, adierazpenaren zati handi batekin ados badaude ere, banku publikoaren aldarrikapena ez dutelako babesten. Halaber, bi taldeek adierazi zuten testua itxia izanik, ez dela egon testua negoziatzeko aukerarik.
Ordezko testu bat aurkeztu zuen EAJk, bankuei kolektibo zaurgarri guztientzat kalitatezko eta gertuko zerbitzua eskatuz. Gainera, bankuak ez ezin, instituzioak eta bestelako jarduera publikoetan ere adinekoen zein bestelako kolektibo zaurgarrien beharrak kontutan hartzeko eskatu zuten. Testuari babesa adierazi zioten EH Bildu eta PSEk ere.
> Irakurri adierazpena osorik (EAJren proposamena)