Zumaia, artea nonahi

2021/05/10

Ezin uka Zumaia herri fotogenikoa denik! Behatoki eta ikuspuntu ugari daude argazkiak atera ahal izateko: San Telmo ermita eta Algorri ingurua, Talaimendi, edo Done Jakue bidea, adibidez. Zumaiaren irudi panoramiko eta orokor ederrak izango dituzu toki horietatik. Herriko kaleetatik pasiera eginez gero, berriz, Zumaiako txoko eta eraikin politak lortuko dituzu. Irudi horiek markoan ipintzeko aukera eskaintzen dute.

Argazki eta irudi ugari, beraz, argazki-bilduma sortu eta familiari edo lagunei erakusteko. Estanpa eder horiek margolan bihurtuz gero, emaitza are ikusgarriagoa izango da. Etxeko, bulegoko edota elkarteko paretak apainduko dituzu.

Zumaiak badaki arteaz eta margolanez. Izan ere, 20 urte baino gehiago daramatza Kaleko Pintura Lehiaketa antolatzen. Iaz, egoerak hala behartuta, ezin izan zen urteroko lehiaketa egin, baina urtebeteko etenaldiaren ondoren, maiatzaren 23an egingo dute aurtengo lehiaketa. Aurrez, ordea, azken urteetako margolan sarituak herritarren eskura jarriko dituzte.

Horretarako, azken 20 urtetan jasotako lanetatik 30 margolan aukeratu, eta horien erreprodukzioak prestatu dituzte. Erreprodukzioak herriko dendetako erakusleihoetan jarri dituzte, kale erakusketa handi bat sortuz. Lan horiek maiatzaren 23ra bitartean egongo dira ikusgai, eta erakusketa amaitzean komertzioetako bezeroen artean zozkatuko dituzte margolanen erreprodukzioak.

Zatoz, bisitatu Zumaia, eta bien bitartean, herriko saltokiek eskaintzen duten produktu ezin hobeez eta aukera zabalaz gozatu. Beharrezkoa zein kapritxoa izan, Zumaian aurkituko duzu. Eta plusa izan dezakezu: margolana etxerako!