Zumaia

Imanol Manterola_2417.jpg

Zumaia ezagutzeko mapa edota liburuxka jeitsi ditzakezu esteka hauetan.

Gipuzkoako kostaldeko leku pribilegiatu batean dago Zumaia, itsasertzean, Urola eta Narrondo ibaiek bat egiten duten badian.

Kantauri itsasoa du iparraldean, eta hegoaldean mugakide ditu bi Arroak, Ibañarrieta eta Zestoa. Azken horretan ezagunak dira ur termalen bainuetxea eta Ekaingo haitzuloak; eta haitzulo horietako labar-pinturek, hain zuzen, gizakiaren arte-ondarea aberasten dute gizakiaren sorreratik hasita. Zumaiaren ekialdean Askizu auzoa dugu; muino batzuen gainetik arretaz begiratzen dio Zumaiaren sarbideari, eta Getariari (arrantza-portua eta Juan Sebastián Elkanoren sorterria da azken hori).

Norabidez aldatuta, mendebaldean, Elorriaga, Itziar eta Deba ditugu; leku horietatik ia egunero ikus daitezke eguzkiaren azken izpiak itzaltzen Bizkaiko kostaldean.

Biztanleriari erreparatuta, Zumaia ez da ez oso handia, ez oso txikia: 10.000 biztanle inguru ditu. Hori bai, ez du zerbitzurik falta txoko atsegina izan dadin, eta, aldi berean, leku lasaia da, hiriko estresetik eta zaratatik urrun. Gainera, bertako kaleetan sartu orduko, eguneroko mugimendua alaitzen duten haur ugarirekin egingo dugu topo.

Biztanle gehienak herrigunean bizi dira, baina herrigunetik kanpora ere badira auzoak sakabanatuta.
Kanpoaldeko auzo horien artean, nabarmentzekoak dira Artadi eta Oikia. Artadi  muino batean ageri da, artez osaturiko baso (artadi) zoragarrien artean, eta bertako elizatik (elizaren pareta batek frontoia babesten du) ikuspegi zoragarria dago iparraldera begira: Zumaia, Urola ibaia eta itsasoa. Leku horretatik hegoaldera, berriz, Oikia auzoa ikusten da, eta hango San Bartolome eliza eta Kondekoa etxea.
Donostiatik Bilborako errepidean bada hirugarren auzo bat ere: Narrondo. Bertatik pasatzen den ibaiaren izen bera du (Arroarreka ere deitzen zaio); Narrondoko lurrak Zumaia eta Zestoaren artean banatzen dira.

Zumaiako klima

Zumaiako klima ozeanikoa da. Kantauri itsasoaren hurbiltasunaren eraginez, neguko laztasunak leundu egiten dira, eta udaldiak, berriz, ez dira beroegiak izaten. Haizeak hezeak dira; hodeiak ugariak eta euriak, berriz, sarriak.

Urteko batez besteko tenperatura 13 gradukoa da. Abuztua izaten da hilik beroena, eta urtarrila, aldiz, hotzena. Izozteak ez dira ugari izaten urtean zehar —akaso bost egunetan egin dezake izotza goizaldeko lehen orduetan—, ezta tenperatura altuegiko egunak ere: uda partean tenperatura nekez iristen da 30 gradura, eta gehienez jota ere, hamar aldiz baino ez da 35era heltzen.

Euri-garaia udazkena izaten da, 2.000 m3 baino zertxobait gutxiagoko maximoekin eta 1.500 m3-ko batez bestekoarekin. Uda hasiera izaten da garairik lehorrena eskualde honetan.

Jeneralean haizeak iparraldekoak izaten dira; hegoaldetik jotzen dutenak urriagoak izaten dira. Haize boladarik indartsuenek udazken eta neguaren bukaeran jotzen dute, batzuetan 80 km/h-ko abiaduraz. Ekaitz gogorrak Ipar Itsasoan eta Britainiar uharteetan zentratzen direnean, ipar-mendebaldetik datozen eta 140 km/h-ko abiadura har dezaketen haize zakarrak sartzen dira. Zenbait kasutan, udaldian bereziki, mendebaldeko haize horiek galerna bihurtzen dira, batez ere, tenperatura altuko egunetan.

Mendebal eta ipar-haizeek jotzen dutenean izaten da garairik hezeena. Atlantikotik datozen haize horiek Kantauri itsasoko kostalde ondoko mendikatera hurbiltzen direnean, altxatu eta hoztu egiten dira, euria sorraraziz.

Ipar-ekialde, ekialde eta hegoaldeko haizeen eraginez, aldiz, giroa lehortu egiten da. Lehen biek aire kontinentala, lehorra eta hotza ekartzen dute; horrelakotan, zeru oskarbiak egoten dira, eta negu parteko gauetan izotza ere egin dezake.

100 km/h-ko abiaduraraino hel daitekeen hego haize lehorra eta beroak hezetasuna ehuneko 30 edo 40ra jaitsarazten du, eta tenperatura, berriz, 35 gradu ingurura igoarazten du udan.

Itzurun hondartza

Komunikazioak eta sarrerak

Zumaia bi komunikazio ardatz garrantzitsuren lotunea da: Donostia-Bilbao ardatzarena eta Zumaia-Zumarraga ardatzarena. Aspalditik datorkio lotune izate hori, Urolako trenbideak Donostia-Bilbao linearekin bat egin zuenetik, alegia.

Urolako trena desagertu bazen ere, gaur egun lotune garrantzitsu izaten jarraitzen du Zumaiak. Zumarraga edo Azkoitia aldetik etortzeko, autobus moderno eta azkarrak dituzu, lehen trenak egiten zuen ibilbide berbera jarraituz (Ordutegiak hemen).

Donostia eta Bilbo aldetik etortzeko, berriz, betiko trena duzu, berritua: 40 minutuan garamatza Donostiara, eta sarri-sarri ibiltzen da, ordu erditik ordu erdira astegunetan —gutxi gorabehera—, eta pixka bat bakanago asteburu eta jaiegunetan (Ordutegiak hemen).

Horrez gain, autopistaz ibiltzen diren autobusak ere badira, Donostiatik etortzeko eta itzultzeko. Hauek ere sarri ibiltzen direnez, oso komunikazio ona dugu Gipuzkoako hiriburuarekin eta bidean dauden herriekin (Ordutegiak hemen).

Kotxez, berriz, bi bide nagusi dituzu Donostia-Bilbao ardatzean: N-634 errepidea eta Bilbao-Behobia A8 autopista. Ahal izanez gero, hobe duzu kostako errepidea hartzea, txoko zoragarriak ikusteko aukera izango baituzu: Zumaia-Zarautz zatia itsasertzetik doa oso-osorik, eta ikuskizun paregabeak eskaintzen ditu. Gainera, geldiuneak egiteko leku bat baino gehiago aurkituko duzu (aparkaleku txikiak, alegia) hamar kilometro horietan zehar.

Beste alderantz ere —Bilbo aldera— merezi du N-634 errepidea erabiltzea, batez ere Debaraino: bista ederrak baitaude errepide osoan zehar, bai mendi artean, bai itsaso ondoan. Presaka baldin bazatoz, ordea, hobe duzu Bilbao-Behobia autopista hartzea. Izan ere, Zumaiatik Bilbora 45 minutuko bidea dago autopistaz, eta Donostiara, berriz, 25 minutu inguru.

Zumaia-Zumarraga ardatzean, berriz, Urola haranean gora doan errepidea duzu, hamabost minutuan Loiolara eta, hiru ordu laurden eskasean, Zumarragara eramango zaituena.

Europako eta munduko hiri handiekin lotzen gaituzten aireportuei dagokienez, hauexek dituzu hurbilenak: Hondarribia (35 minutura), Miarritze (45 minutura), Loiu (50 minutura) eta Foronda (ordubete ingurura).

Distantzia handiko trenak ere ez dira urrun geratzen: Bartzelona edo Madrildik etortzeko, Zumarragan dago hurbilena. Frantziatik bazatoz, Abiadura Handiko Trenak eta tren arruntek Hendaian edo Irunen utziko zaituzte, eta handik Donostiaraino erraz jarrai dezakezu.

Azkenik, badira, pixka bat urrutiago, Zumaiarekin oso ondo lotuta dauden beste herri batzuk ere, nahiz eta, kasu horietan, lotura metaforikoa izan: Zumaglia herri italiarra eta Zud Daira sahararra (Zumaiarekin orain urte batzuk senidetu diren herriak dira).