1936ko gerrako haur deserriratuak protagonista dituen erakusketa inauguratuko dute larunbat honetan

2025/01/29

1936ko kolpe militarraren aurkako erresistentzian 1937an ebakuatu zituzten haur euskaldunen memoria aztertzen du 'Orratz-begia – 1936 Gipuzkoako gerra haurrak' erakusketak. Otsailaren 1ean inauguratuko dute, 12:00etan egingo duten ekitaldi berezi batekin. Zumaiako Udalak herritar oro gonbidatu nahi du, elkarrekin memoria bizirik mantentzeko helburuarekin.

Orratz-begia – 1936 Gipuzkoako gerra haurrak erakusketa ikusteko aukera izango da hurrengo asteotan Zumaian, Alondegiko Oxford aretoan. 1936ko kolpe militarraren aurkako erresistentzian 1937an ebakuatu zituzten haur euskaldunen memoria aztertzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Monica Jato irakaslearekin batera ondutako lanaren emaitza da, eta 2021ean hasitako azterlan batean du jatorria. Helburua da 1936ko gerrako haurren memoria identifikatu eta berreskuratzea.  

Lehen egunetan, otsailaren 1ean, inaugurazio ekitaldia egingo dute. Erakunde desberdinetako ordezkariez gain, erakusketa atondu duten ikerlariak eta memoria elkarteetako kideek parte hartuko dute. Zumaiako Udalak herritar oro gonbidatu nahi du, elkarrekin haur haien aldeko eta altxamendu faxistaren aurkako memoria bizirik mantentzeko helburuarekin.

Erakusketa otsailaren 1etik 23a egongo da ikusgai: astelehenetik ostiralera 18:00-20:00 bitartean, eta, asteburu eta jaiegunetan 12:30-14:00 eta 18:00-20:00 bitartean.