Iñaki Beobide Agirrezabalaga, gugan bego
Zumaiako Udalak bere doluminak adierazi nahi dizkie igandean zendu zen Iñaki Beobide Agirrezabalagaren senide eta lagunei. Beobide euskararen eta kulturgintzaren sustatzaile garrantzitsua izan da urte guztiotan, eta Udalak bere esker ona adierazi nahi du honek egindako lanagatik. Gugan bego.
Iñaki Beobide Agirrezabalaga (Zumaia, 1934-Donostia, 2024) Herri Gogoa diskoetxeko eta Jarrai antzerki taldeko sortzaile izan zen. Bizitza guztia eman zuen euskal kulturgintzari emana, eta igandean hil zen, 89 urte zituela. Euskal Kantagintza Berriaren hainbat disko grabatu zituen Donostiako estudioan, eta Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskaratu eta taularatu zituen. Ikuska liburu saila ere sortu zuen, eta ETBren sorreran parte hartu zuen.
Kulturgilea eta kultura-eragilea izan zen Beobide, hamaika egitasmoren parte. Frankismoak gogor kolpatutako etxe batean hazi zen, eta zentsura ere ezagutu zuen diskogintzan hasitakoan. Soldadutza egin bitarteko urteetan Zumaiari lotua bizi izan zen arren, geroztik Donostian izan zuen bizitokia eta era guztietako kultur ekintzak antolatzeko gunea.
JAKIN aldizkarian elkarrizketa egin zioten 2004an, eta, besteak beste, Zumaiako kontuak aipatu zituen bertan; hemen irakur daiteke. Oargi kultura erakundean parte hartu zuen 50eko hamarkadan, eta batez ere antzezlan batzuk egin zituen, euskaraz eta gaztelaniaz, luistarrek Erribera kalean zeukaten zentroan. Abelin Linazisorok ere goraipatu zuen Iñaki Beobidek egindako lana 2007an ahotsak.eus gunean egindako elkarrizketan, Gipuzkoako herri askotan 60ko hamarkadan izan zuen eragina azpimarratuta.
Zumaiako Udalak bere doluminak adierazi nahi dizkie Beobideren senide eta lagunei, eta eskerrak eman urteetan honek egindako lanagatik.
Gugan bego.
Albiste erlazionatuak
Memoria
- Gazteen sormena indar betean: bideoklip bat eta ikerketa historiko bat bidean 2025/02/03
- 1936ko gerrako haur deserriratuak protagonista dituen erakusketa inauguratuko dute larunbat honetan 2025/01/29
- Faxistek fusilatutako eta faxismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildako beste bost zumaiarren izenak gehituko dituzte Gernika parkeko monolitoan 2024/12/10
Kultura
- Entzungai dago Migel Gutierrezek sortutako 'basoa.wav' EPa 2025/03/05
- Kultura eta artearen alorreko sormen beka eskatzeko epea zabalik 2025/02/28
- Osasungintza, hedabideak eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan 2025/02/20
- Basoa.wav proiektuko 'Retrobisorea' abestiaren bideoklipa aurkeztu du Iñaki Agirrezabalagak 2025/02/19
Euskara
- Zumaiako Udalak bat egin du UEMAk abiatu duen 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin 2025/02/25
- Osasungintza, hedabideak eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan 2025/02/20
- Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute, ‘konfiantza eta gertutasuna oinarri dituzten udaltzainak’ kontratatzeko 2025/02/19
- Alba Lozanok film labur bat sortuko du Zumaian, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2025/02/17