Gure produktuak

 

 Bertako produktuen aldeko apustua

 

Argazkia: Carlos de Clos
Argazkia: Carlos de Clos

Mundu mailan ezaguna da euskal gastronomia, hein handi batean, erabiltzen dituen produktuen kalitateagatik. Egungo gizarte globalizatuak munduko bazter guztietako produktuak gure sukaldeetara sartzeko aukera eman arren, euskal sukaldaritzaren oinarria bertako produktuak izaten jarraitzen dute. Eta harro gaude!

Hala, bertako nekazaritza eta ekonomia sustatzen laguntzen dugu, geure bizi kalitatea hobetuz eta bisitariei ahalik eta esperientzia aberatsena eskainiz.

Zumaian eta Urola Kosta eskualdean bertako produktuekin sortutako plater bereziak ditugu. Ausartu zaitez esperientzia gastronomiko berri bat bizitzera!

Ikusi hemen "Zumaia gastronomia" bideoa

 

Kosta Gastronomika: bost zentzumenekin gozatzeko

 

Dastatu, entzun, ikusi, ukitu eta usaindu. Zentzumenen bidez, esperientzia desberdinak gozatzeko proposamena luzatu nahi dizugu Kosta Gastronomika ekimenarekin. Urola Kosta eskualdeak, eta zehazki Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aia udalerriek duten turismo eta gastronomia eskaintza osoa barnebiltzen du Kosta Gastronomikak.

Kosta gastronomika

Suz goritutako txingarrak jakiei zaporerik benetakoena ateratzen die, otordua iragartzen du, kale bazter guztiak lurrintzen ditu usain bereizgarriz, plaza eta kaleak itxuratzen ditu, erretegiak han hemen, bertatik bertara… Parrilaz ari gara. Eskualdeko hainbat tabernatan, jatetxetan eta txokotan ikusiko duzu. Horregatik da eskualdeko enbaxadore nagusia. Herri bakoitzak, berriz, bere enbaxadorea du: Getariak txakolina, Oriok bisigua, Zarautzek azoka, Aiak gazta eta Zumaiak Flyscheko olagarroa.

 

Kosta Gastronomika ekimena ez da, ordea, produktura mugatzen, izan ere, produktu horien inguruko esperientziak eskaintzen dizkie bisitariei, 16 guztira. Hala, enbaxadore horiek ezagutzeko honako esperientziak prestatu dira Kosta Gastronomikaren baitan:

  • Getarian Txakolinaren txinparta, Itsas esperientzia eta Basqueporks ekimenak egin daitezke.
  • Orion bisiguaz gozatzeko aukera izango duzu Bisigua “Orio estilora” esperientziaren baitan.
  • Aian, aldiz, Aia, natura eta gazta, Bertako produktuen txokoa salmenta gunea, Txotx+menua, Txakolinaren txinparta eta Poteoa Aiako tabernetan esperientziak eskaintzen ditu.
  • Zarautzen, beste lau esperientzia aurkituko dituzu: Zarauzko merkatua, Txakolinaren txinparta familian, Txotx esperientzia eta Lagun artean poteoa.
  • Zumaiako kasuan, hiru esperientzia ditugu zuretzat eta zure familiarentzat. Lehenbizikoan, Flyscheko olagarroa, olagarroa da protagonista. Bertan, Geoparkeko kostaldean barrena, flyscheko olagarroa harrapatzeko antzinako arrantza-teknikak eta sukaldaritza-tradizioa ezagutuko ditugu.  Esperientzia ahaztezin honi amaiera biribila emateko, pintxo eder bat eta txakolina dastatuko ditugu. Bigarren esperientzia Euskararen enigma duzu, Europako kulturarik zaharrenetariko bat ezagutzeko aukera izango duzu, garai bateko arraina saltzeko aretoa bisitatuko duzu eta txakolina dastatu pintxo batekin. Azkenik, Euskal baserriaren sekretuak esperientzia dugu zuri eskaintzeko; benetako euskal baserri bat bisitatu eta bertako biztanleak ezagutu, sagardoa eta gazta dastatzen duzun bitartean.

 

Esperientzia hauek herri bakoitzeko turismo bulegoan erreserbatu ahal izango dira (informazio gehiago www.kostaldea.eu webgunean) eta Zumaiako lehen 2 jarduerak, aldiz, www.geoparkea.eus webgunean ere bai. Zatoz, eta utzi zentzumenak libre!