Euskara lehen lerrora

2021/07/23

Euskarak balio berezia du euskaldunontzat, gure nortasunaren, kulturaren eta historiaren adierazgarri delako. Jatorriaren inguruan oso gutxi dakigun arren, zure esku dago Europako hizkuntza zaharrenetako baten sekretuak ezagutzea.

Ongi Etorri Euskararen Herrira!” lelo hartuta, euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz Urola Kosta eskualdeko aurtengo uda garaiko turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Horregatik, euskal hiztunen laguntza ere behar dugu, zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta euskara gehiago entzungo da kaleetan. Euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izan daiteke proiektua bertakoentzat.

Hala, euskarri guztietan eta 5 hizkuntzetan, kanpainaren mezuak zabalduko dira eskualdeko herrietan: euskararekin batera, eskualdeko turismo-eskaintza oparoaren berri emanez; gastronomia, natura, museo, kirol eta aisialdi eskaintza… Eta herri bakoitzean formatu ezberdinean aurkeztuko dira irudiak: markesinetan, faroletan, hainbat eraikinetan olana forman… Euskarri horietan, hitz edota esapide laburrak ageri dira hizkuntza guztietan, kanpotarrak zuzen-zuzenean euskararekin hartu-emanetan jar daitezen; modu arin, ludiko eta pedagogiko batean, beti ere.

Era berean, mahai-gaineko aterako dira, eta taberna eta jatetxeetan banatu dira. Mahai-gainekoan ere, euskarazko agur eta zenbait esapide labur ageri dira beste hizkuntzetara itzulita.

Azkenik, ostatu-establezimenduetarako propio sortu dira zenbait euskarri; ostatu hartzen dutenek ohiko zerbitzuetarako harremana euskaraz egin dezaten (gosariak, wifi zerbitzuak eta antzerakoak euskaraz nola eskatu erakutsiz).

Izan ere, euskaraz bizi den herri bat gara, eta munduan ez gara asko... Horregatik, denok bat eginez gero proiektuarekin, udalerriei eta euskarari arnas emanaz, gurera datozen bisitariei esperientzia bakar, paregabe eta gogoangarri bat eskaini ahal izan diegu. Beraz, egin euskaraz merkatariekin, ostalariekin eta herritarrekin !