EKITEN DIGITALA: ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa
Parte hartzaile bakoitzaren negozio-beharretara egokitutako estrategia digitala eta ekintza-plana diseinatu, eta digitalizazio arloko zazpi prestakuntza tailer eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.
Orain arte izandako harrera ona ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteak abian jarri du EKITEN DIGITALA ekimenaren 3.edizioa. Eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa da.
Egitasmoaren bitartez, eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikiei digitalizazioaren alorrean urrats bat aurrera egin dezaten lagundu nahi zaie. Bi lan-lerro nagusi izango ditu programak. Alde batetik, negozioen gaineko aholkularitza digitala eskainiko zaie ekintzaileei neurrira diseinatutako estrategia digitala definitzeko. Bestetik, prestakuntza tailerrak eskainiko dira. Bi orduko saioak izango dira eta online eskainiko dira; guztira, 7 tailer.
Aholkularitza: diagnosia eta neurrira egindako estrategia digitala
Programaren hasieran, negozio bakoitzaren presentzia digitala aztertuko da. Negozio bakoitzaren digitalizazio-diagnostikoa egin ondoren, parte hartzaile bakoitzaren negozio-beharretara egokitutako estrategia digitala eta ekintza-plana diseinatuko da. Aditu baten aholkularitza-laguntzarekin egingo da prozesu osoa.
Eskainiko den aholkularitza erabat pertsonalizatua izango da; aditua parte hartzaile bakoitzaren egoerara egokituko baita. Adibidez, partehartzailea negozio ideia bat garatzeko bidean badago, adituak negozio berriaren estrategia digitala diseinatzen eta ekintza zehatzak proposatzen lagunduko du. Aldiz, partehartzaileren batek aurretik negozioren bat martxan baldin badu, negozio horrek sarean zein presentzia duen aztertu, hobekuntzak proposatu eta prozesuaren jarraipena egingo du.
Programan parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Plaza kopurua mugatua da.
Prestakuntza tailerrak
Guztira, 7 prestakuntza tailer eskainiko dira, online. Lan saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du; asteazkenetan, goizez, 10:00etatik 12:00etara.
Saio guztiak estrategia digital egoki bat aurrera eramateko gaitasun eta baliabideak eskuratzeko diseinatu dira. Hona hemen prestakuntza-eskaintza osoa:
DATA |
PRESTAKUNTZA TAILERRA |
2021/09/22 |
Webgunea edo online behar bezala ongi posizionatzeko kontuan hartu beharreko 10 alderdi. |
2021/09/29 |
Sortu edukiak bisitak erakartzeko; online dendara, webgunera edo blogera. |
2021/10/13 |
Sortu Canva bidez irudiak eta grafikoak sare sozialetarako. |
2021/10/27 |
Sare sozialetatik haratago: Nola lagun diezaiokete nire enpresari Tik Tok, Twitch edo podcasting plataformek? |
2021/11/10 |
Sortu eta editatu sare sozialetarako bideoak mugikorrarekin. |
2021/11/17 |
Aztertu webgunean gertatzen dena eta hartu enpresa-erabakiak: Google Analytics. |
2021/12/01 |
WhatsApp Business; bezeroekin komunikatzeko fidelizazio tresna. |
Tailerretan parte hartzeko ere, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Saio guztietan nahiz intereseko saio zehatzetan eman daiteke izena.
Aholkularitza eta tailerrez gain, estrategia digitalaren inguruko edozein zalantza argitzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Hain zuzen ere, ekitenurolakosta@gmail.com helbidera idatzita.
Argibideak eta izen-ematea
Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Enpresa Sustapena Zerbitzua (Maider Ibarbia, Johanna Pino)
- Tel. 943 89 08 08
- enpresasustapena@urolakosta.eus
- jpino@urolakosta.eus
Albiste erlazionatuak
Urola Kostako Udal elkartea
- Zaintza sektoreari loturiko sentsibilizazio jardunaldiak izango dira maiatzaren 22an eta 23an Zumaian 2024/05/09
- Zaintza sektorean kontzientzia indartzeko, doako bi jardunaldi praktiko izango dira abenduan, Zaindu Urola Kosta ekimenaren barruan 2023/12/11
- Zaintzaileei eta zainduen familiartekoei zuzendutako ikastaroak eskainiko ditu UKUEk azaroan eta abenduan 2023/11/21
- Euskarazko hiztegiaren inguruko eta estimulazio psikoemozionalari buruzko doako ikastaroak eskainiko ditu UKUEk azaroan eta abenduan 2023/11/07