Milioika urteko abentura 20 kilometroren barruan

2021/06/22

Dinosauroak, lehen gizakiak, santuak, trenak, jauregiak… ezagutu eta bisitatu Urola ibaitik eta bailaratik zehar bidaiatzen duzun bitartean. Hori da 5 Geltoki Historian ekimenak eskaintzen dizuna. Ibilbide honetan, Azpeititik Zumaiara, bost geltoki egingo dituzu: Azpeitiko Loiolako Santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa, Zestoako Ekainberri eta Lili jauregia, eta Zumaiako Algorri Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa. Urola ibaiaren ibilbidea jarraituz, bost museo, espazio, bisitatuz bailara osoa ezagutzeko bidaia egiteko proposamena da, beraz, 5 Geltoki Historian ekimena.

Honela, 20 kilometroren barruan kokatzen diren bost geltoki edo zentro hauek bisitatuaz, publikoari bidaia bat egiteko aukera eman nahi zaio zentzu bikoitz batean; bidaia geografikoa alde batetik, Azpeititik Zumaiaraino, eta bidaia historikoa bestetik, historiako zenbait aro, pertsonai edo momentu klabe interpretatuz eta lehen eskutik ezagutuz.

Hona hemen 5 geltokiak:

  • Loiolako Santutegia. Loiolako Santutegiaren balio arkitektonikoaz eta historikoaz gain, San Ignazioren jaiotetxeaz eta ingurune naturalaz gozatzeko aukera izango duzu. Haurrekin jolasteko, gainera, Xaguxatar parkea eta Izarraizko Atea parkea aurkituko dituzu: labirintoa, eskalada gunea, ur txorrotak, zuhaitzak, eserlekuak.... denetarik duzu! Autoa edo bizikleta hartu, eta 4 kilometrotara Azkoitiko herrian ere bisitatzeko txoko eta gune ugari dituzu.
  • Burdinbidearen Euskal Museoa. Geltoki bitxi bezain ederra, Euskal Herriko trenbidearen historian zehar bidaiatzeko aukera eskaintzen du, baita antzinako lurrun trenean bidaiatzeko ere. Europako tren bildumarik onenetakoa ere badu. Hori gutxi ez, eta Azpeitiko plaza eta erdigunea edota Urolako bidegorria bisitatzeko aukera duzu.
  • Ekainberri. Orain dela 14.000 urte, lehen gizakiak nola bizi ziren ezagutu, eta errepikatzeko aukera duzu Ekainberrin: sua egiten, ehizatzen... Zestoako plaza ezagutzeko parada egin dezakezu, bitxikeriaz betetako lekua da!
  • Lili jauregia. 500 urte baino gehiago dituen jauregiak historia handia du. Pertsonaia ugari bizi izan dira bertan, baina Andre Madalen ezagutuko duzu, eta bere historia kontatuko dizu jauregia bisitatzen duzun bitartean. Jarraian, pare bat kilometrotara dagoen Iraeta auzoan geldi zaitezke, eta Tren Txikian ibili.
  • Algorri. Geoparkeko altxorrak ezagutu Algorri Interpretazio Zentroan eta handik oso gertu dagoen Itzurun hondartza eta San Telmo ermita bisitatu, flyscharen ikuspegi ederraz gozatuz. A zer plana! Gainera, Zumaiako Alde Zaharrean galduz gero, txoko kuttun ugari ezagutuko dituzu, Sanjuaniturri adibidez.

Familiarekin eta haurrekin egiteko plana ederra, beraz. Eta plana are erakargarriagoa suertatzeko, eskuorri bereziak ditugu gainera. Izan ere, haurrek jolastu eta helduek beraiekin aritu ahal izateko liburuxkak eskura daitezke geltoki bakoitzean, non museo bakoitzarentzat asmakizun, jolas edo ekintza bat egitea proposatzen den. Eskuorriarekin etortzen diren familietako 12 urtetik beherako haurrek lehen museorako txartela besterik ez dute ordainduko; behin lehen museoaren zigilua eskuratuta, ondorengo museoetarako sarrera doan izango dute.

Guztia hori nahikoa ez balitz, asteburu bat doan irabazi dezakezu! Nola? 5 Geltoki Historian ekimenean parte hartzen duzun bitartean atera selfie edo argazki bat, eta bidali 5geltoki@urolaturismo.eus helbidera. Urola bailaran asteburu bat familia guztiarentzat irabazteko aukera izango duzu!

Milioika urteko abendura bizitzea nahi? Sartu trenean, eta bidaiatu historian zehar!