Urdinez tindatutako herria
Kolore urdina sakontasunarekin, hilezkortasunarekin eta boterearekin lotzen da. Horiek hirurak itsasoak dituen ezaugarriak dira. Alaia eta bizia da itsas zabaleko marinelen uniformeen kolorea. Eta alaia eta bizia bilakatzen da Zumaia San Telmo jaietan. Tindagaiz beteriko kanoia bailitzan, San Telmo jaietako txupinazoak urdinez margotzen du Zumaia.
Izan ere, asteburu batekin nahikoa ez, eta festak errepikatzen ditugu hurrengoan... Beraz, bi asteburutan zehar ekitaldi eta ekintza faltarik ez duzu izango Zumaian. Txupinazoarekin festak eztanda egiten du, eta leherketak puri-purian jarraitzen du lehen aste horretako larunbat gauean egiten den danborradarekin. Danbor eta barrika doinuak nagusitzen dira herriko kaleetan, eta Zumaiarrak danborrak astintzen dituzte marinelen zaindariari dei eginez, hark herriko itsas-gizon eta emakumeak zaindu ditzan. Danbor eta barriken deiari erantzunez, zaindaria kaleetan zehar ibiltzen da prozesioan San Telmo egunean.
Ondorengo egunetan, eta ia atsedenik izan gabe, bestelako ekintza eta ekitaldi ugari izaten dira, adibidez, txosna gunean kontzertu programazio zabala prestatzen dute, eta horri esker, eztarria urratuta buka dezakezu abestiak abesteaz, eta hankak nekatuta dantza egiteaz; pilotalekuan euskal kulturaren eta kirolaren tradizioaz eta punta-puntako pilotariez eta gozatzeko aukera izango duzu profesionalen arteko pilota partidekin.
Bitxikeriak ere izaten ditugu San Telmo festa egunetan, eta munduko leku gutxitan ikus ahal dituzunak dira gainera. Jakin-mina piztu zaizu? Hona hemen erantzuna: zaldi lasterketak hondartzan! Bigarren asteko igandean goza dezakezu espektakuluaz, Itzurun hondartzan. Aukera izanez gero, ez galdu, zaldiak hondarretan trostan ikusteko aukera bakarrenetakoa izan daiteke.
Agurrak orokorrean tristeak izaten badira, Zumaian ezin dugu gauza bera esan. Festen azken eguneko gauerdian bandera jaistea eta santelmoei agurra ospatzen dugu, eta jendetza biltzen den ekitaldia da. Urteak pasa ahala gorpuzten joan den hitzordua da bandera jaitsierarena, izan ere, modu inprobisatu batean hasi zen 1980ko hamarkadan. Poliki-poliki eta emeki-emeki handitu den agurra da, festetako ezin galduzko hitzordua bilakatu den arte.
Eta aurreko guztia hori, egitarau osoaren zati txiki bat besterik ez da. Santelmoez gogoz goza nahi baduzu, zatoz Aste Santua amaitu bezain laster Zumaiara eta egin gorazarre marinelen zaindariari. Kolore urdinez, alaiaz eta biziaz jantzita aurkituko duzu Zumaia.