Geoparkearen bisita ofizialak
Geoparkeko eta Zumaiako ondare natural eta kulturala ezagutzeko modurik onena!
Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, beren balio natural eta kulturaletan oinarriturik. Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskal Herrian zein Kantaurialdean lehendabizikoa, asmo horiek Zumaia, Deba eta Mutrikuko herrietan praktikan jartzeko espirituarekin eratu zen.
Euskal Kostaldeko Geoparkean baliabide naturalei balioa emateko helburuarekin dihardugu lanean, bereziki eremu geologikoari, baina baita gure lurraldearen kultura propioari ere. Geure ondarea babestu nahi dugu belaunaldi berriei uzteko.
Ondare hori ezagutzera emateko erremintarik eraginkorrena bisita gidatuen programa da. Hori osatzen duten bisita gidatu anitzen bidez ondare geologikoaz gain gure lurreko kultura eta tradizioak ezagutzeko aukera eman nahi diegu bisitariei nahiz bertakoei.
Eta kultura eta tradizio horiek ezagutzeko bereziki egokia den bisita gidatu bat eskaintzen du Geoparkeak Zumaian: "Euskararen enigma". Europako kulturarik antzinakoenetakoa ezagutu eta gure kontinentean zaharrenetakoa den hizkuntzaren bitxikeria batzuk jakiteko aukera bakarretakoa munduan. Zumaiako alde zaharrean egiten den bisita gidatu honetan, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak deskubritzen dira. Eta bisita amaitzeko, hemen bakarri egin daitkeen zerbait egingo da: elkarte gastronomiko batean hamaiketakoa!!
Zumaia, Deba eta Mutrikutik ateratzen diren bisita gidatu hauen guztien inguruan gehiago sakontzeko eta erreserbak egiteko, www.geoparkea.eus webgunea bisita dezakezu.