Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin bat egiten du Zumaiako Udal Gobernuak

2023/11/28

Greba dela-eta udal eraikin publikoak itxita egongo dira azaroaren 30ean, eta ez da udal zerbitzurik emango. Gutxieneko zerbitzuak bermatzeko, erregistro nagusia udaltzaingoetan izango da.

Zaintza sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko bat bermatzearen aldeko aldarrikapenera elkartuta, Zumaiako Udal Gobernuak ere bat egingo du Euskal Herrian lehenengo aldiz egingo den greba feminista orokorrarekin, Euskal Herriko hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera.

Modu honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez, Udal Gobernuak bere alea jarriko du herritarron bizitzak erdigunean jarri eta zaintzarako eskubide kolektiboa posible egingo duen euskal sistema publiko-komunitarioa aldarrikatzeko. Halaber, udal mailan ere zaintzaren gaiaren inguruan lanean jarraitzeko konpromisoa agertzen du.

Horiek horrela, Zumaiako Udal Gobernuak bat egiten du greba deialdi honekin, eta herritarrak ere mobilizazio eta greban parte hartzera gonbidatzen ditu. Hala, Zumaiako udal eraikinak itxita egongo dira, eta udal zerbitzu gehienak eten egingo dira (ikastaroak barne). Zerbitzu minimoak soilik emango dira azaroaren 30ean, eta, ondorioz, erregistro nagusia udaltzaingoetan izango da.