Urola ibaian zehar, itsasoari begira
Kresalez apaindutako historia
Kantauri itsasotik datorren kresala Zumaiako historiari lotuta dago: lehen begiratu bat nahikoa da herriaren eta itsasoaren arteko harremana sumatzeko. Izan ere, Zumaiak itsas historia luzea du. Agian, hasiera batean, harritu egingo zaitu portu-jarduera handiak, baina Zumaia arrantzatik eta merkataritzatik bizi izan da, eta asko izan dira gure herritik sortu diren marinelak edo ontzioletako langileak.
Zumaia San Pedro parrokiaren inguruan eraiki zen, antzina itsasotik iristen ziren erasoetatik babesteko gotorleku izan zena. Gotorleku on gisa, sekretu asko gordetzen ditu, adibidez, Joan Antxietaren erretaula, Monumentu Nazional izendatua. Era berean, San Pedro parrokia bisitatuz, Trafalgarko batailaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzu.
Gaur egun Gernika pasealekua den horretan, XX. mendean merkataritza-kai garrantzitsu bat sortu zen, tren geltoki eta guzti. Urola bailarako industria garrantzitsuenak hornitzen ziren kaira iristen ziren lehengaiak garraiatuz.
Talaimendi oso ezaguna da Zumaian. Eta, aldi berean, oso garrantzitsua. Izenak dioen bezala, antzina baleak ikusi ondoren pizten ziren suak zaintzeko tokia zen, baita itsasotik iristen ziren erasoetatik babesteko gotorlekua ere.
Gosete garaian funtsezkoa izan zen kostaldeko arroketan (babestutako biotopoaren marea-arrasa) moluskuak eta itsaskiak harrapatzea. Horregatik, Zumaiak olagarroarekin duen harremana oso esanguratsua da, gaur egun oraindik ere.
Eta itsas ondare eta historia hori guztia orain ikusi eta ezagutu dezakezu. Izan ere, nabigatzaileen zaindaria den San Telmok bere ermita propioa du Itzurungo itsaslabarraren goialdean: tenplu erlijioso polita da, XVI. mendekoa, eta barruan XVIII. mendeko egurrezko erretaula rococo bat du.
Antzinako arrantzaleen kofradia ere San Telmo deitzen da. Bertan, garai batean arraina enkantean saltzeko erabiltzen zen makinaren funtzionamendua ikusi ahal izango duzu, Euskal Herri osoan gordetzen den bakarra izanik.
Zumaiak bi hondartza ditu: Itzurun eta Santiago. Itzurun, herriaren erdian, serie eta filmetako eszenatoki izan da, Flysch-ari esker. Bestalde, Julio Beobide etorbideko pasealekua bi gunetan amaitzen da: Inpernupeko eremu harritsu txikia, ezkerraldean, eta Santiago hondartza, eskuinean, hareatza handia ekosistema berezi batekin; 50 landare espezie baino gehiagorekin.
Ontziolak ere herriko ikonoak izan dira, eta gaur egun Euskal Herrian geratzen den ontziola bakarrenetakoa du: Balenciaga, 2021ean 100 urte bete zituena. Antzina, Urola ibaiaren bokaleko industria-jarduera nagusia izan ziren erriberako ontziola ugariak. Arretaz begiratuz gero, egurrezko ontzi zaharren kaskoen hondarrak ikusi ahal izango dituzu itsasbehera unean, adibidez, kirol-portuaren inguruan.
Itsasontziei eta ontzigintzari lotutako altxorrak dituen Kantauri Itsas Ondarea Museoa duzu Zumaian. Bertan, duela 100 urteko aingurak, lemak eta beste hainbat bitxikeria ikus daitezke. Izan ere, Zumaian industriak izan duen garrantziaren ondorioz, itsasontzi-motorren fabrikatzaileen presentzia nabarmena izan da, eta museoa haiei omenaldi txiki bat egiteko modu bat ere bada.