Saio irekia: Zein dira berdintasunaren inguruan ditugun kezka eta beharrak?

Noiz
MAIATZAK 31. 18:00
Non
Emakumeon* Etxea

Zumaiako Udala IV. Berdintasun Plana osatzeko lanetan murgilduta dabil. Udaleko eta herriko sail eta eragile desberdinak elkarrizketatu ondotik, saio irekia egingo du maiatzaren 31n, 18:00etan Emakumeon* Etxean. Saioan herritar guztiek parte har dezakete.

Zumaiako Udalak IV. Berdintasun Plana osatuko du 2022an zehar. Helburua da plan berria urtea amaitu baino lehenago onartzea, 2023arekin batera indarrean jartzeko. Maider Alberdi berdintasun zinegotziaren arabera, herritarren esperientziak jasota, eta mugimendu eta elkarteen iritziak kontutan hartuta osatu nahi dute plan berria. 

Otsailaren amaieran eman zituzten prozesuaren inguruko xehetasunak. Ordutik, Elhuyar erakundearen bidelaguntzarekin, berdintasunaren inguruan zeresan handia duten hainbat eragile eta kide elkarrizketatu ditu Udalak: udaleko sail desberdinetako teknikariak, Ludotekako eta Gazteguneko hezitzaileak, LGTBI lanketa egiten ari den Eihera kooperatibako teknikariak, hezkidetza programaren ardura duen Daiteke elkarteko teknikariak, landa eremuko emakumeak, Malen Etxea emakume migranteen elkarteko kideak, Emakumeon* Etxeko partaideak eta mugimendu feministako kideak elkarrizketatu dituzte. Horiek guztiek egindako ekarpenekin diagnostikoaren zirriborroa osatu du Udalak, eta, orain, azterketa osatzeko, Zumaiako herritar guztien ekarpenak jaso nahi ditu Berdintasun Sailak.

Entzuketa fase honetan Zumaiako eguneroko bizitzan, eremu ezberdinetan, emakumeek zein gizonek berdintasunaren inguruan bizi duten errealitatea ezagutu nahi du Udalak. Horregatik, maiatzaren 31ko saio irekian gaiaren inguruan interesa edo zeresana duten guztiak parte hartzera gonbidatu nahi ditu. Bilkura 18:00etan izango da, Emakumeon* Etxean.