19 postu izango dira Zumaiako XVII. Artisau Azokan

2009/06/17

Beira, kandelak, sendabelarrak, ehungintza, umeen arropa, taloak, ogiak eta pastelak… eskulana izango da protagonista igandean, Victoriano Arrate etorbidean.

 

Igande honetan, ekainak 21, artisau azoka egingo da Zumaian, Zumaiako XVII. Artisau Azoka, hain zuzen ere. Igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, era askotako artisautza produktuak ikusi eta erosi ahalko dira Victoriano Arrate etorbidean. Denera, 19 postu izango dira: beira, kandelak, sendabelarrak, ehungintza, umeen arropa, taloak, ogiak eta pastelak…

Artisau postuez gain, haurrei zuzendutako bi eskulan tailer ere egingo dira aurten. Zeramikarena izango da bata eta bestea jaboi eta lurrinena. Tailerrak 11:30etik 17:30era egingo dira. 

Pintxo Lehiaketako sari-banaketa ekitaldia 19:30ean

Asteburu honetan egingo da baita ere Zumaiako IV. Pintxo Lehiaketa eta artisau Azokaren eremu berean egingo dute aurtengo lehiaketako sari-banaketa ekitaldia. Igande honetan, Victoriano Arrate etorbidean, 19:30ean jakingo da zeinena izan den aurtengo txapelketako pintxorik goxoena.