2013an gertatutako indarkeria matxistaren 14 kasu artatu ditu Udalak

2013/11/22

2013an, emakumeenganako indarkeria matxista jasan duten 14 kasu artatu ditu Zumaiako Udalak. Ia gehienetan, indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan dute, bikotekideak eraginda. Emakume horien erdiek salaketa jarri dute (beste erdiak, ez). Erasoa jasan duten emakumeen adin tartea, berriz, 25-49 tartekoa da. Erasoa jasan duten erdiek jarri dute salaketa aurtengoan, eta Zumaiako Udalak erasoa salatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Iaztik, gainera, erasoaren aurrean laguntza bila Udalera jotzen dutenei egokiago laguntzeko asmoz, protokolo bat jarri zuten abian, herriko ikastetxeek, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Zumaiako Udalaren Gizarte zerbitzuek eta Berdintasun sailak. Modu honetara, feminismoak aldarrikatzen dituen harreman eredu parekideen kontzientzia lantzea eta indartzea da helburu indarkeria matxistari aurre egiteko tresna nagusi gisa. Erasotzaileei dagokionez, 35-49 urte bitartekoak izan dira, eta horietako bat laguntza psikologikoa jasotzen ari da. Urruntze aginduei dagokionez, gaur egun, 7 urruntze agindu daude indarrean, Zumaian. Udaletik, gogorarazi nahi da indarkeria matxistaren aurka egitea guztion lana dela, eta erasoren bat ikustean, edo erasoren baten berri izatean horren berri ematea ere beharrezkoa dela.

AZaroaren 25aren harira antolatutako ekintzen berri izateko, klikatu hemen.