‘Biotopoa garbituz’ Auzolandegia egingo da uztailean Zumaian

2009/06/23

Uztailaren 20tik abuztuaren 2a bitartean izango da. Kutxak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatu dute ekimena eta 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da.

 

Gaur (ekainak 23, asteartea) aurkeztu dute prentsaurrean uztailean Zumaian egingo duten auzolandegia. Zumaia eta Mutriku arteko itsaslabarra garbitzea izango da auzolandegiaren helburu nagusia.

Kutxak urtero antolatzen ditu auzolana eta ingurumena uztartzen dituen auzolandegiak eta aurten, lehendabizikoz, Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatu dute biotopoaren inguruko ekimena.

15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta 20 bat lagunentzako tokia izango da. Juantxo Agirre Kutxako auzolandegien koordinatzailearen arabera, biotopoa “erreferente” bilakatu da nazioartean eta auzolandegi honen bidez, gazteek naturgune hau ezagutzeko aukera izango dute.

Asier Hilario biotopoaren zuzendari tekniko eta auzolandegien arduradunak azaldu duenez, “helburu nagusia Algorri eta Sakoneta arteko labar azpiak garbitzea izango da. Biotopoaren izendapenak hiru helburu nagusi jasotzen zituen bere baitan: ikerketa zen bat, ondare geologikoa zabaltzea bestea, eta hirugarrena da berreskuratzea. Aurreneko bietan lan asko egin da orain artean, eta orain hirugarren helburuari helduko diogu auzolandegiarekin”.

Guztia ez da lana izango, hala ere. Hilarioren hitzetan bi alde izango ditu auzolandegiak: “bata lana izango da, astelehenetik ostiralera izango dira lanegunak”. Lanorduak, berriz, itsasoak baldintzatuko dituela dio, mareen arabera ariko dira. Beste aldea ludikoagoa izango da: “gazteek ingurunea disfrutatu eta ondo paatzeko aukera izango dute, trekkinga, buzeatzea, surfa... eginez”.

Uztailaren 20tik abuztuaren 2a bitartean, San Juan egoitzako mojen etxean hartuko dute ostatu auzolandegian parte-hartuko duten gazteek. “Hasieratik iruditu zitzaigun egokia proposamena eta horretarako azpiegiturak jartzeko prest agertu ginen Udaletik”, esan du Andoni Etxaniz alkateordeak.

Proposamen eta iritzietarako irekita

Auzolandegiko arduradunak jakinarazi duenez, guztiz irekita daude ekimenaren inguruan herritarren ekarpenak eta iritziak jasotzeko. Horretarako Udaleko ingurumen sailera deitu daiteke (943 865033) edo flysch@gipuzkoa.net helbidera idatzi.

Izen-ematea zabalik

Uztailaren 14ra bitartean zabalik izango da auzolandegirako izen-emateko epea. Izena emateko hiru bide daude: Aranzadi elkartera deituta (943 466142), edota www.kutxa.net edo www.aranzadi-zientziak.org helbidearen bitartez.