‘Gidatze ekonomikoa’ ikastaroa eskainiko du Udalak Aste Berdearen baitan

2010/05/24

Saioarekin, gidatzerakoan erregai gutxiago kontsumitzen, ingurumen kutsadura murrizten eta dirua nola aurreztu daitekeen erakutsiko dute.

 

Autoa gidatzen ikasi izanagatik, praktika hori hobeto egiterik bada. Hori lortzeko, Zumaiako Udaleko Ingurumen sailak ‘Gidatze ekonomikoa’ izeneko ikastaroa eskainiko du Aste Berdeko programazioaren baitan.

Adin guztietako jendeari dago zuzenduta ikastaroa eta ekainaren 12an, larunbatean eskainiko da. Ikastaroari esker, honako baloreak irabaziko ditu ikasleak: erregai gutxi kontsumitzea, ingurumen-kutsadura murriztea, erosoago gidatzea, errepideetako arriskuak gutxitzea eta baita dirua aurreztea ere.

Ikastaroan izena emateko 943 865033 telefonora deitu beharko da (Ingurumen saila), edo bestela idatzi ingurugiro@zumaiakoudala.net helbidera.

Gidatzen hobeto ikasteko ikastaroaz gain, Udalak bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa ere eskainiko du Aste Berdearen barnean.