‘Zuloaga eta Zumaia’ erakusketa egongo da ikusgai irailean Oxford aretoan

2020/09/03

Ignacio Zuloaga jaiotzaren 150. urteurrenean margolariaren eta Zumaiaren arteko harremana aztertu dute. Irailaren 6tik urriaren 5era egunero bisitatu ahal izango da erakusketa, Oxford aretoan.

XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako margolari garrantzitsua izan zen Ignacio Zuloaga (1870-1945), eta Eibarren jaio bazen ere, hamazazpi urte zituenetik gehienbat Madrilen, Parisen, Sevillan, Segovian eta Zumaian bizi izan zen. Pasa den uztailaren 26an 150 urte bete ziren Ignacio Zuloaga jaio zela, eta efemeridea baliatuta, Zuloaga eta Zumaiaren arteko harremana aztertzen duen erakusketa izango da ikusgai Zumaiako Oxford aretoan, iraila osoan zehar.

Ismael Manterola arte historialari zumaiarrak gidatu du erakusketaren antolaketa, Ignacio Zuloagak Zumaian izan zuen bizitzan arreta jarrita. Zumaiako Udalaren babesa izan du, eta ezinbestekoa izan da Zuloaga Fundazioarekin lankidetza. Gainera, Euskal Filmategia, Distira Argazki Elkartea, Photomuseum eta San Telmo museoaren laguntza izan dute antolatzaileek, baita hainbat norbanakorena ere.

Informazio-panelak dira erakusketaren zutabe, eta horietan hainbat gai aztertu ditu Manterolak: Santiagoetxea, Zuloagak Zumaiako bizitzan izan zuen eragina, Zuloagaren ongintza edo karitate ekintzak, Zumaiak Zuloagari egindako omenaldiak eta ‘Zuloaga arazoa’. Panel horiez gain, Santiagoetxeko bost artelan ikusiko dituzte bisiariek. Gainera, Zuloaga Fundazioaren artxiboko eta Kutxateka eta Zumaiako Udal Fototekako argazkiak bildu dituzte, baita hainbat artxibotako dokumentuak ere.

Larunbatean, irailaren 5ean, egingo dute irekiera-ekitaldia. Maria Zubimendi akordeoilari zumaiarraren musikak girotuko du saioa eta Ismael Manterolak erakusketaren nondik norakoak azalduko ditu. Zuloaga familiaren ordezkariak eta ordezkari politikoak ere bertan izango dira, besteak beste. Betetze-maila neurtu behar denez ekitaldi itxia izango da.

Erakusketa ikusgai egongo da irailaren 6tik urriaren 5era, egunero 18:30etik 20:30era. Asteburuetan goizeko ordutegian ere bisitatu ahal izango da erakusketa, 12:30etik 14:00etara.

Zuloaga Fundazioaren hitzaldiak

Erakusketaren baitan bi hitzaldi eskainiko ditu Zuloaga Fundazioak:

  • Irailak 10 osteguna, 19:00
               La 'bandera de los Zuloaga'. Valores humanos de una saga de artistas guipuzcoanos.
               Izen-ematea: irailaren 8tik aurrera (09:30-14:00) 943861056 edo alondegia@zumaia.eus
  • Irailak 28 astelehena, 19:00
               Santiagoetxea. Vicisitudes de un proyecto temerario.   

                Izen-ematea: irailaren 24tik aurrera (09:30-14:00)  943861056 edo alondegia@zumaia.eus

Pertsona bakoitzak bi gonbidapen eskatu ahal izango ditu gehienez.