Aniztasun eta Lankidetza Asteak girotuko du Zumaia datozen egunotan
Abenduaren 16tik 19ra bitartean ospatuko da eta astearen baitan egingo dira 'Jatorri Anitz, Herri Bat' Herritarron Topaketak. Horrekin batera, Lankidetza proiektuei buruzko erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta kontzertuak izango dira, besteak beste.
Abenduaren 16tik 19ra bitartean, Aniztasuna eta Lankidetza Astea ospatuko da Zumaian. Hirugarren urtea da Zumaiako Udalak gabon atari honetan Lankidetza Astea antolatzen duela, eta aurten, Aniztasunaren baloreekin uztartuta aurkeztuko dute. Izan ere, eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak adierazi duenez, "aurten, lankidetzako baloreez gain, herrian bertan ditugun jatorri anitzen aberaztasunaz kontzientzia hartzeko astea ere izango da. Aste honen baitan egingo dira ‘Jatorri Anitz, Herri Bat’ Herritarron Topaketak Anitzak taldearen eskutik".
Helburua migrazioaren eta aniztasunaren gaiaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko abagunea sortzea da. Era berean, herritarrei elkar ezagutzeko aukera ematea izango da nahia eta horretarako dinamika parte-hartzaile bat sortuko da astearen baitan. Ildo horretatik, "topaketa hauetan jatorri guztietako zumaiarrak gonbidatuta daudela gogorarazi du Agirrezabalaga alkateak.
Herriko errealitatea ezagutzeko azterketa
Topaketez, gain, Zumaiako errealitatea eta bere biztanleriaren azterketa egiteko, diagnostiko kuantitatibo bat egin da. "Azterketa horrek herriko errealitatea hobeto ezagutzeko eta ulertzeko balioko du eta Aniztasuna eta Lankidetza Astearen baitan sozializatuko dira datuak", azaldu du alkateak.
Irati Anakabe, Anitzakeko teknikariaren esanetan, "herriarena den aberastasuna, herriak gozatzeko prestatu dugu programazioaren baitan", eta era horretan, ugariak izango dira asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean egingo dituzte ekimenak: bideo emanaldiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailearrak. Larunbatean ospatuko dute Aniztasunaren Eguna eta goizetik hasi eta gauera arteko egitaraua prestatuta daukate.
Herrien arteko elkartasuna Lankidetza Astearen baitan
Aniztasunarekin batera, Lankidetzako baloreak ere protagonista izango dira aste honen baitan. Aurten hiru urte beteko ditu Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak eta Baleike Kultur Elkarteak antolatzen duten lankidetza programak. Zumaiako Udalak 69.862 euro eman ditu urte honetan herriko hainbat elkartek munduan zehar garatzen ari diren lankidetza proiektuak laguntzeko.
Bereziki, Darahli elkarteak joan den apirilean Saharara egindako bidaia izango da protagonista eta argazki erakusketak, bideo aurkezpenak, janari bilketak, eta senidetze kanpainak ezaugarrituko dute proiektuaren lanketa. Horri lotuta, Agirrezabalagak aipamena egin nahi izan dio Aminetu Haidarren aferari: "nire babesa igorri nahi diot Amineturi. Sahara herri zapaldu bat da, eta aske izan beharko luke. Apirilean Zumaiatik egin genuen bidaian geure begiez ikusi genuen bezala, sahararrek bizi duten egoera ez da batere ona".
Darahli elkartekoen ekimenekin batera, Nikaraguan aurrera eramandako proiektuaren inguruko argazki erakusketa ere egingo dute astearen baitan.
Aminetu Haidarri elkartasun mezuak
Samuel Ruiz Darahli elkarteko kideak azaldu duenez, Amineturen argazkiak jarriko dituzte astean zehar egingo dituzten ekintzetan, eurek ere emakume sahararrari elkartasuna adierazteko. Horrekin batera, erakusketa, bideo emanaldia, janari bilketa eta senidetze kanpaina egingo dituzte. Ruizentzat, “Lankidetza Astea oso baliagarria da gisa honetako proiektuetan lanean ari diren herritarrek elkarren berri izan eta zenbait ekimen koordinatzeko”.
Agirrezabalaga Zumaiako alkateak, herritar guztiak animatu ditu bai Aniztasunari lotutako ekintzetan zein Lankidetzako ekimenetan parte-hartzeko.
Aniztasun eta Lankidetza Asteko egitaraua osorik hemen kontsultatu dezakezu.



