Aparkamenduaren erregulazioaren inguruan uda erdiko balorazioa egin du Udalak

2018/08/10
Datuei erreparatuz, alde zaharrean (1,2,3 eta 4 zonak) guztira 2354 bertakoen txartel banatu ditu, iaz baino 193 gutxiago; Poligono eremuan aldiz, 2267 txartel banatu dira. Halaber, sistema eten aurretik geratzen den denboraldiari begira, bideo bat ekoiztu du erregulazioaren nondik norakoak gogorarazi eta zabaltzeko.

Konturatu garenerako ziztu bizian pasa da uda sasoiko lehen hilabete eta erdia eta horrekin batera, baita herriko aparkamenduaren erregulazio sistemaren lehen txanpa ere.

Hori aintzat hartuta, Udalak erregulazioaren lehen hartu emanaren balorazio bat egin du. Ildo horretan, gogorarazi du sistemaren helburua dela mugikortasun jasangarria sustatu eta herrigunean autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzea, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenetsiz.

Horiek horrela, egoiliar guneei dagokienez, lehen hilabete eta erdian jasotako datuei erreparatuz, alde zaharrean, (1,2,3 eta 4 zonak) guztira 2354 egoiliar txartel banatu dituela jakinarazi du, iaz baino 193 biñeta gutxiago, alegia. Poligono eremua aurten erregulatu da lehen aldiz eta guztira 2267 txartel banatu ditu Udalak bertan.

Egonaldi ertain edota errotazio altuko guneen inguruan, horien eraginkortasuna azpimarratu du Udalak. Horri lotuta, aipatu bi guneetan Zumaiako Merkatari eta Ostalari elkarteak edota elkarte kide ez diren herriko hainbat establezimenduek bezeroei aparkalekua ordaintzeko hartutako konpromisoa balioan jarri du.

Kanpoko aparkalekuei erreparatuz, Saraunearen okupazio maila oso altua izaten ari dela nabarmendu du Udalak. Halaber, kanpoko aparkalekuak herrigunearekin lotzeko martxan dauden garraio zerbitzu publikoen inguruan, txalupa zerbitzuaren erabilera altua azpimarratu du eta gogorarazi du, herriko autobus zerbitzuak ere, astelehenetik igandera, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etaik 20:30era eskaintzen duela zerbitzua herri barruan eta, horrez gain, goiz, eguerdi, arratsalde eta iluntzeko lehen eta azken zerbitzuetan auzoetaraino ere luzatzen duela ibilbidea.

Edonola ere, Udalak gogorarazten du erregulazio sistemak indarrean jarraituko duela irailaren 15a arte, Ardantzabiden eta errotazio altuko A eta C guneetan izan ezik; horietan urte osoan mantenduko da indarrean.

Amaitzeko, Udalak azpimarratu du okupazio aldetik datuak jasotzen eta herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak biltzen ari dela datorren urteari begira, sistemari egokitzapenak egiten jarraitzeko.

Erregulazio sistemaren inguruko bideoa

Aparkamenduaren erregulazioa oraindik hilabete eta erdiz gehiago (irailak 15) luzatuko dela aintzat hartuta eta orokorrean abuztua izanik Zumaian bisitari gehien dagoen hilabetea, Udalak erregulazio sistemaren inguruko bideo bat ekoiztu du sistemaren nondik norakoak modu argi eta zuzenean azaldu eta zabaltzeko.

 Aparkamenduaren erregulazio sistemaren bigarren fasea