Arritokietako Baseliza eta Ospitalea

2016/10/05

Irailean Arritokieta eguna ospatzen da Zumaian eta hau aitzaki ezin hobea iruditu zaigu udal artxiboan gordeta dagoen 1690 eta 1886 urte bitarteko kontu-liburuko zenbait datu hona ekartzeko.

Kontu-liburu hau Arritokietako baseliza eta ospitalari buruz kontserbatzen den zaharrena da. Hau dela eta, bertako informazio zaharrena iruditu zaigu aipagarriena. Oraingoan eraikin multzo hau zaintzeko eta kudeatzeko ardura zuten bi karguetan jarri nahi izan dugu arreta: diruzaina eta serora.

 

Diruzaina, izenak dioen bezela, Arritokietako kontuak eraman eta diruaren kudeaketaz arduratzen zen. Kontu-liburuan agertzen diren dokumentuei esker, liburu hau baino lehenagoko zenbait diruzainen izenak jakin ahal izan ditugu:

 

  • 1633-1640: Jose Arbizu
  • 1647-1649 eta 1652: Frantzisko Aldalur
  • 1653-1660: Lazaro Etxabe
  • 1686an eta 1690ean: Pedro Etxabe Etxazarreta
  • 1687-1689 Nikolas Sarasua

 

Pedro Etxaberen aurreko diruzainek egindako ez ordaintzeek arazoak sortu zituzten, eta hain zuzen, arazo horien berri ematen duten dokumentuei esker lortu dugu izenen zerrenda hau osatzea. Izan ere, diruzainak, baselizak eta ospitaleak zituzten maileguak eta jasotzen zituzten limosnak kudeatzeko ardura zuten. Hau horrela, bertako kontuak eramaten zituztenak ziren, beharrezko ordainketak eta erosketak eginez. Kontu-liburu honetan, Arritokietako urteroko kontuak jasotzen dira 1886. urtera arte. Urteroko kontu hauek artzain-bisitetan berrikusten eta onartzen ziren behin betiko. Elizako liburuak ikuskatzeko apezpikuak edo artzapezpikuak egiten zituen bisitak ziren artzain-bisitak, eta orduan geratzen zen agerian diruzainak elizbarrutiarekin urte horretan zuen zorra, hau da, azken artzain-bisitatik Arritokietan egondako irabazien zenbatekoa.

 

1692ko artzain-bisitan, Pedro Etxabe diruzainak 43.799 maraiko zor zituela zehazten da eta diru kopuru hau bi urteren buruan ordaintzeko agindua ematen zaio, eskumiku mehatxupean. Baina kasu honetan, zor handi hau ez zen Pedrok bere diruzain karguan zeraman denboran pilatutako zorra bakarrik. Pedrok zor zuenari bere aurretik karguan egondakoek ordaindu gabeko kopurua gehitu zitzaion, hain juxtu, Jose Arbizuk, Frantzisko Aldalurrek, Lazaro Etxabek eta Nikolas Sarasuak zor zutena. Pedro Etxabek guzti hauen zorra ordaindu zuen eskumikatua izan ez zedin, baina Probintziako Korrejimenduan eginbide judizialak burutu zituen aurreko diruzainen kontra. Garai haietan baselizak eta ospitaleak nola kudeatzen zirenaren adibide ederra dugu hau.

 

Bestalde, serora kargua dugu. Udal akta bati esker, 1584an Arritokietan hiru serora zeudela dakigu, baina 1699ko uztailaren 25eko serora izendapenak kargu bakarra aipatzen du. Egun horretan Josefa Altuna izendatzen da, aurreko seroraren heriotzaren ondoren. Kargu hartzea jasotzen duen dokumentua, urte horretan baselizak eta ospitaleak zituen ondasun higigarrien isla da. Izan ere, serorari zegokion baselizak eta ospitaleak zituen ondasun higigarrien zaintza. Hau dela eta, izendapenarekin batera, ondasun guztiak banan-banan zehazten ziren.

 

Arritokietako berri jakin nahi duenak, beraz, badu aukera Zumaiako artxiboan!

 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

 

 *Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.