Asteazkenean, Joxe Manuel Odriozolaren hitzaldia
'Abertzaleak eta euskara' izenburupean emango du hitzaldia, 19:00etatik aurrera, Alondegian.
Euskara Zerbitzuak antolatua duen 'Euskara, bestela ez gara' zikloaren barruan, bigarren hitzaldia izango da datorren asteazkenean, hilak 8. 'Abertzaleak eta euskara' izenekoa da, eta Joxe Manuel Odriozolak emango du, Alondegian, iluntzeko 19:00etan.
Abertzaleen munduan euskararen inguruan dauden jarrera eta ikuspegiak dira eztabaidagai. Izan ere, iritzi trukea planteatzen da, abertzaleen artean euskararen garrantzia edo garrantzia eskasa euskal nazio-identitatearen mamitze lanetan.
Joxe Manuel Odriozola (Altzo, 1948) euskal idazlea da. Egun, euskara irakasten dihardu. Berria egunkarian maiz argitaratzen ditu iritzi artikuluak. Bere azken saiakeretako batekin (Abertzaleak eta euskara, edo nazio euskaldunaren gainbehera), eztabaida sortu nahi izan du, nazionalismo politikoak aberriaren oinarri diren kultura eta hizkuntza aintzat hartzen ez dituela eta.



