Ateak zabalik ditu Moilaberrik, Zumaia ezagutzeko lehen geltokiak
Instituzioetako ordezkariak nahiz turismoaren arloko eragile ugari bildu dira irekiera ekitaldian. Moilaberri bisitarientzako informazio gunea izateaz gain, Zumaiaren eta Geoparkearen ondare natural, kultural eta industriala modu integratuan ezagutzeko erreferentziazko zentroa ere bada.
Zabalik da Moilaberri. Tren geltokia izandako eraikin historikoa Zumaia eta Geoparkea ezagutzeko ate bilakatu du Zumaiako Udalak, eta haren bitartez, Geoparkearen eremu geografiko osora eta askotariko intereslekuetara bideratuko dituzte aurrerantzean bisitariak. Harrera guneaz gain, erakusketa edo interpretazio-guneak ditu eraikinak, baita lanerako bulegoak eta erabilera anitzetarako espazio bat ere.
Uda denboraldiaren hasierarekin batera zabaldu dute eraikina. Irekiera ekitaldian izan dira, besteak beste, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. Haiekin batera, turismoaren eta kulturaren arloko ordezkari ugari bildu dira, baita garai batean eraikin horretan bizi izan ziren familiak eta eraikina anbulatorio izan zen garaian bertan lan egin zuten hainbat lagun ere.
Maria Zubimendi akordeoi jotzaile zumaiarrak hasi du ekitaldia pieza berezi batekin, eta Esti Irureta turismo teknikariak eman die ongietorria gonbidatu guztiei. Alkateak hartu du hitza gero: hark eskerrak eman nahi izan dizkio Hurtadori, lehenik eta behin, proiektuari emandako bultzada ekonomikoarengatik, eta udaleko hirigintza sailean lanean aritu diren teknikarien lana ere goraipatu du. Debegesa agentziarentzat ere izan ditu esker hitzak Ostolazak.
Bisitariek nahiz zumaiarrek Moilaberrin topatuko dutenaz aritu da gero: turismo informaziorako eremua eta Geoparkera sarbidea, lehen solairuan; Zumaiako historia eta industria ondarearen inguruko erakusketa, bigarrengoan; eta bulegoak eta balio anitzeko gelak, hirugarrengoan. Ostolazak aipatu du Joxean Artzeren Gure bazterrak poemako hitzak topa daitezkeela lehen solairuan, eta poema horri doinua jarri zion Mikel Laboaren abesti bat aipatu du gero: gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak. Ostolazarentzat funtsezkoa baita Zumaiaren historia ezagutaraztea herriaren etorkizuna irudikatu ahal izateko.
Bisitarientzat eta bertakoentzat aukera
Domingez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak azpimarratu du bulego berri honen irekierak aukera emango duela "turismoa modu zehatzagoan kudeatzeko, Urola Kosta eskualde osoarentzat aukera berriak sortuz".
Ildo horretan, azaldu du turismo bulegoek funtsezko eginkizuna dutela turismo fluxuak banatzeko orduan, eta horrek turismoak sortzen duen aberastasunaren banaketa orekatuagoa ahalbidetzen duela. "Aberastasunaz hitz egiten dugunean, hori lan baldintza hobeetan, sektorearen profesionalizazio handiagoan eta sasoikotasunetik ihes egingo duten lanetan islatu behar dela” azpimarratu du. “Jarduera turistikoaren arrakasta ezin da soilik bisitari kopuruaren arabera neurtu, baizik eta Gipuzkoan bizi eta lan egiten dugunon bizi kalitatea hobetzeko duen gaitasunaren arabera", amaitu du.
Hurtadok, bere aldetik, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, "gure herriak eta hiriak hobetzen dituzten eta turismo eredu jasangarri bat indartzen duten" proiektuak aurrera ateratzeko.
Testuinguru horretan, eskerrak eman dizkio "Debegesaren lidergoari, Turismo Jasangarritasun Plan hauen kudeaketan, Geoparkeko ondarea balioan jarri eta berreskuratzera bideratu delako". Halaber, gogorarazi du "helmugako Turismo Jasangarritasun Planek 80 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri dutela Euskadin azken bost urteetan, udalerri eta eskualde oso ezberdinek bultzatutako 34 proiektutan banatuta".
"Geoparkearen inguruko hainbat jarduketak 7 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta gaur, Zumaian, turismo bulegoa inauguratu dugu. Gure ondarearen berreskurapenetik sortutako bulegoa da, tren geltoki zahar batena, gure lurraldearen memoria industriala turismoaren bidez balioan jartzeko", adierazi du sailburuak. "Hau Euskadik turismo jasangarri eta errespetuzkoaren alde egiten duen apustuaren beste adibide bat da", gaineratu du.
Zumaia eta Geoparkea ezagutzeko atea
Moilaberri ireki dute Zumaian, eta Udalaren helburua da turismo bulego hutsa baino askoz gehiago izatea. Eraikin berria Zumaia eta Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko abiapuntua izatea nahi da, hain zuzen.
Proiektuaren xede nagusia da bisitariak Geoparkeko eremu guztian modu orekatuan banatzea, jendea ohiko guneetara ez ezik lurralde osoan dauden interesgune geologiko, natural eta kulturaletara ere bideratuz. Horrela, ingurumen-inpaktua murriztu eta lurraldearen garapen orekatuagoa sustatu nahi dute.
Moilaberrik Geoparkearen aberastasun osoa erakutsiko du: geologia eta natura ez ezik, baita kultura, artea, tradizioak, gastronomia, musika eta landa-inguruneko balioak ere. Era berean, eraikinak Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroa (ZIIZ) hartu du, tokiko industria ondarea ezagutarazteko. Bestalde, euskarak ere presentzia nabarmena du espazio berrian.
Moilaberri eraberritzeko proiektuaren zati bat Europar Batasunak finantzatu du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren funtsen bidez, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) esparruan: 494.093 euro lortu dira bertatik. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Euskal Kultura Ondarearen sustapenerako dirulaguntzetatik beste 203.346 euro eskuratu dira. Dirulaguntza lortu izanak dakartzan betebeharrak betez, erakundeon ikusgarritasuna eta komunikazioa bermatzen da.




