Atxotegi eta Mendinueta garaile Dinastia Etxabe txapelketan
Jubenilen mailan Urbieta eta Arratibelek eskuratu zuten txapela. Partiden aurretik, Antton Pebet pilotari gazteari omenaldia egin zioten pilotazaleek.
Ostiralean jokatu zituzten XXXVIII. Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalak Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan eta neurketa parekatua izan bazen ere, azkenean Atxotegi eta Mendinuetak eskuratu zuten nagusien mailako txapela. 22 eta 18 hartu zituzten mendean iazko txapeldunak, Iribar zumaiarra eta Uzkudun errezildarra.
Jubenilen mailan ere ikuskizunik ez zen falta izan eta azkenean, Urbieta eta Arratibel bikotea gailendu zen azken tantoetan. 22 eta 20 irabazi zioten Jauregi-Zendoia bikoteari.
Pebeti eskainitako txapela
Partiden aurretik, Antton Pebet Angeluko pilotari gazte zendu berriari omenaldia egin zioten pilotazaleek. Pebetek parte hartu du Dinastia Etxabe txapelketan eta ustekabeko eritasun baten ondorioz, hilik agertu zen abuztu hasieran bere etxean. Ostiralean omenaldia egin zioten pilotari gazteari eta txapela eskaini zioten eskaintza gisa. Han izan ziren bere gurasoak, anai-arrebak eta Angeluko pilota elkarteko kideak.



