Bainua debekatuta Santiago hondartzan eta errioan

2020/09/01

Zumaiako Santiago hondartzan eta errioan bainua debekatu du Udalak, araudian ezarritako kalitate-irizpide mikrobiologikoak puntualki ez betetzeagatik.

Osasun Sailak astelehen honetan egindako ur-analisiaren emaitzen arabera, Santiago hondartzako uretan E. coli bakteriaren onartutako muga gainditu da. Beraz, Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, bainua eta uretako bestelako jarduerak debekatuta egongo dira uraren kalitatea hobetu bitartean, hondartzan bertan zein errioan.

Ostegunean beste lagin baten emaitzen berri izango du Osasun Sailak, eta emaitzaren zain egon beharko da uraren kalitatea bainatzeko modukoa den ala ez jakiteko. Udalak bestelako erakundeekin batera aztertuko du kutsaduraren jatorria.