Beñat Lizeagaren eskubide guztiak errespetatzeko exijitzen du Udal Gobernuak

2011/03/01

Lizeagari aplikatu nahi dioten Euroaginduaren gaiari jarraipena egingo dio Udalak.

 

Beñat Lizeaga zumaiar gaztea atzo atxilotu zuten Aitziber Plazaolarekin batera Donibane Garazin (Nafarroa Beherea). Bere ingurukoen arabera, Baionako komisaldegian dago atxilotuta, eta gaur pasatuko da Paueko auzitegitik. Zumaiako Udalak orain arte egin bezala, Lizeagari berari eta bere ingurukoei elkartasuna eta babesa azaldu nahi die. Baina guztiaren gainetik, Lizeagak dituen eskubide guztiak errespetatzeko eskatu nahi du Udal Gobernuak.

Udal Gobernuak Beñat Lizeagaren Euroaginduaren afera gertutik jarraituko du, eta aurreko ostegunean onartutako mozioan onartu bezala, Udalak herritarrei datozen egunotan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten die. Horretaz gain, beste behin ere, Euroagindu prozedurek eta Lizeaga eta beste zazpi gazteen kontrako auziak ez duela zentzurik salatu nahi du Udal Gobernuak. Izan ere, jarduera politiko eta publikoa egiteagatik zigortu nahi dituzte gazte horiek.

Mobilizazioak

Asteartea, 19:30: Kofradian batzar informatiboa eta ondoren manifestazioa.
Asteazkena, 19:30: Kotxe karabana Txomin Agirre kaitik abiatuta.
Osteguna, 19:30: Konzentrazioa magnolioan.
Ostirala 20:15: Kofradiatik abiatuta, bailara mailako manifestazioa, "Euroagindurik ez! Entregarik ez! lelopean.

 

Euroaginduaren pausoak

Beñat Lizeaga eta atzo atxilotutako beste hiru gazteei gaur jakinaraziko die Paueko auzitegiak beren kontrako euroagindua eskatua duela Espainiako Audientzia Nazionalak. Hori jakinaraztearekin batera, euroagindua aztertzeko izango duten bista izan bitartean beren kontrako neurri-kautelar pertsonalik hartuko duten edo ez ere jakinaraziko zaie. Ondoren jakinaraziko zaie atxilotuei, euroagindua aztertzeko bista noiz izango duten.