Berde koloreko hilabetea
Ingurumena eta bioaniztasunaren gaiak landuko dira Zumaian ekainean zehar. Atzo (ekainak2, asteartea) aurkeztu zituzten aurtengo Aste Berderako prestatuta dagoen egitaraua eta Algorri Interpretazio Zentrotik aurrera eramango duten bioaniztasunaren inguruko kanpaina.
Datorren astelehenean, ekainak 8, hasiko da Udaleko Ingurumen Sailak antolatutako Aste Berdea eta hil bereko 14ra bitartean, ugariak izango dira ekintzak. Bideo-emanaldiak, tailerrak eta haurrentzako denbora-pasak eta argazki erakusketak eskainiko dira, besteak beste. Mahai-inguruak ere izango dira: bata, ekainaren 11koa, Gazumen eraiki nahi duten parke eolikoari buruzkoa izango da, eta bestea, Zumaiako biotopoaren ingurukoa izango da. Ekainaren 9an izango da hori eta izendapenaren inguruko azalpenak emango dira bertan.
Ikastaroetarako izen-emate epea luzatu egin da
Bi ikastaro ere izango dira Aste Berdearen baitan. ‘Gidatze ekonomikoa’ izeneko ikastaroaren bidez ikasleei erregai gutxiago kontsumitzen, ingurumen-kutsadura murrizten, eta erosoago gidatzen erakutsiko zaie, besteak beste. Horretaz aparte, bizikletan ibiltzen ikasteko saioak ere antolatu dituzte.
Ingurumen Sailetik jakinarazi dutenez, luzatu egingo da bi ikastaroetan izena emateko epea. Ekainaren 9a arte luzatu da gidatze ekonomikoan izen-emateko aukera, bizikletan ibiltzekoa, berriz, ostiralean, ekainak 5, amaituko da.
Asier Manuel, Udaleko ingurumen teknikariak Aste Berdeko ekintzetan parte-hartzera animatu ditu herritarrak: “Bizikletan ibiltzen ikasteak merezi du, Udalak, bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua abian jarriko duelako datorren astean”. Andoni Etxaniz ingurumen zinegotziak ere parte-hartzea bultzatu nahi izan du: “Aste Berdean ez ezik, urte osoan ere ingurumenarekiko errespetuan bizi gaitezen. Ea Aste Berdeko ekimenak urte osorako baliagarri egiten ditugun”.
‘Zumaia naturaz blai!’ txapelketa
Algorri Interpretazio Zentrotik bioaniztasunaren inguruan antolatutako ekintzak Aste Berdekoekin uztartuko dira. Nerea Ibañez zentroko koordinatzaileak azaldu duenez, “zumaiarrei zerbitzua” eskaintzeko daude Algorrin, eta aldi berean Algorrik “erreferente” izan nahi du herritarren artean.
Horri jarraiki, eta inguruko ekosistemak ezagutarazteko asmoz antolatu dute ‘Zumaia naturaz blai!’ txapelketa. Herriko bost kokagunetan jarritako paneletan, Zumaiako bost ekosistema naturaletako irudiak aurkituko dira. Ekosistema horietako izenak asmatuz gero, txapelketan parte hartu daiteke bi eratara: bertako eskuorria bete eta Algorrira eramanez, edo bestela, www.algorri.eu webgunean sartu eta Algorriren blog berriaren bitartez.
Ekainaren 12an izendatuko dira txapelketako saridunak. Irabazleak Zelai hotelean lau pertsonentzako afaria jasoko du sari gisa. Gero, parte-hartzaile guztien artean Algorrira itsasontziz irteerak zozketatuko dira (10 bikote) eta baita Zumaiako ekosistema naturaletako horma-irudiak ere.
Txapelketaz gain, fosilen tailerra eta haurrentzako denbora-pasak izango dira Algorrin. Ekainaren 13an, berriz, marearteko zabalgunera ibilaldia egingo dute.
Aste Berdeko egitarau osoa ikusteko egin klik hemen.



