Bigarren eskuko azokarako 1.029 produktu jaso dira dagoeneko
Urriaren 23an egingo da azoka Beheko Plazan eta produktuak entregatzeko epea igandean amaituko da. Algorri Interpretazio Zentrora eraman beharko dira azokan salgai jarri edota dohaintzan eskaini nahi diren produktuak.
Zumaiako Udalak antolatutako 'Zumaian Eskuz Esku!' bigarren eskuko azokaren edizioak iazko markak hautsi ditu dagoeneko. Igandean, urriaren 17an, bukatuko da azokarako produktuak entregatzeko epea eta jada 1.029 produktu desberdin jaso dira. Horiek guztiak salgai jarriko dira azoka egunean, urriaren 23an. Baina produktu horiez gain, dohaintzan beste 334 produktu jaso dira Algorri Interpretazio Zentroan. Dohaintzan jasotako produktu horiek, herrian beharrak dituzten familia edo pertsonei eskainiko zaizkie Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez, eta Zumaiako Caritas eta Gurutze Gorriarekin ere harremanetan jarriko dira. Hortik sobratzen diren produktuak Emaus Fundaziora bideratuko dira.
Algorri Interpretazio Zentroko teknikariek azaldu dutenez, era askotako produktuak jaso dituzte: “Gehienbat liburuak, CDak eta arropak. Horrez gain, poltsak, belarritakoak, eta jostailuak ere jaso ditugu. Baita motozerra bat ere”.
Saharakoei laguntza
Aurten, Darahli elkartearekin lankidetzan, produktuen bidez sahararrei laguntzeko aukera ere izango da. “Salmentan jartzen diren produktuen kasuan, jabeak berak jartzen dio produktuari prezioa eta saltzen bada, dirua itzultzen zaio produktuaren lehengo jabeari. Batzuk dirua berari bueltatu beharrean Saharakoei laguntzeko erabiltzea eskatu dute edo eskatu dezakete”.
Produktuak entregatzeko epea
Igande honetan, urriaren 17an, amaituko da produktuak entregatzeko epea. Norbaitek erabiltzen ez duen produkturen bat baldin badauka etxean eta azokan aurkeztu nahi badu, Algorri Interpretazio Zentroan entregatu beharko du. Aurten, hala ere, egunean bertan ere egongo da produktuak entregatzeko aukera. “Hiru postu nagusi jarriko ditugu; arroparena, liburu eta diskoena, eta bazar produktuena. Horiez gain, laugarren postu bat jarriko dugu jendeak egunean bertan produktuak entregatu ahal izateko”.
Urriaren 23an, egun osoz egingo da bigarren eskuko azoka Beheko plazan. Azokaren inguruko informazio gehiago hemen.



