Bihar zabalduko da “Alokairu Bekan” izena emateko epea

2018/11/28

Interesdunek azaroaren 29tik abenduaren 12a bitarte izango dute aipatu programan izena emateko aukera. Oinarrien eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio guztia udal webgunean dago eskuragarri. Programaren onuradunek 2018 urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute.

Programaren onuradunek 2018 urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Joan den urteko eskaera mailari erreparatuz, programara bideratutako kontu saila 30.000 eurotik 63.000 eurotara handitu du Udalak.

“Alokairu Bekaren” nondik norakoak:

Programaren helburua da alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea. Ildo horretan, programa 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bi dira, hain zuzen, indarrean dauden gainerako programetatik bereizten dituen ezaugarriak.

Alde batetik, bekaren onuradun bakoitzak %10eko hobaria jasoko du alokairua partekatzeagatik. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehieneko diru-laguntza 150€koa izanik. Eskaera indibiduala ere egin ahal izango dute gazteek, baina kasu honetan, alokairua partekatuz gero, diru-laguntza handiagoa jasoko dute.

Bestalde, formazioa bultzatze aldera, ikasten ari diren onuradunek hilero 10€ko hobaria jaso ahal izango dute, baldin eta ikasketa horiek urteko 150 ordutik gorakoak diren.  

“Alokairu Beka” jasotzeko oinarrizko baldintzak

“Alokairu Beka” programa aitzindaria da eskualde mailan, inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu baitzuen gobernu taldeak oinarri dokumentua osatzeko garaian, noski, betiere, eredu horiek Zumaiaren eta gazte zumaiarren beharretara egokituz. Aurten, baina, bi aldaketa izan ditu ordenantzak. Batetik, “Alokairu Bekak” diruz lagunduko dituen etxebizitzen alokairuaren prezio muga 600€tatik 700€tara handituko da eta horrez gain, laguntzak jaso ahal izateko errolda epearen irizpidea 10 urtetik 2 urtera jaitsiko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

“Alokairu Bekan” izena eman ahal izateko, Udaleko harreran edo webgunean eskuratu ahal izango den eskaera orriaz gain, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

  • NANaren fotokopia (Adin txikikoen kasuan, familia liburuaren fotokopia)
  • Alokairu kontratuaren kopia
  • Kontu-korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria
  • Errenta ordaintzen dela frogatzen duen banku-agiria (originala edo fotokopia konpultsatua)
  • Etxebizitzen jabe ez izatearen ziurtagiria (jabetza erregistroan igorria)
  • Ondasunei, ogasunei, zergei eta diru-sarrerei dagozkien agiriak (nominak, errenta aitorpena…)
  • Administrazioaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzeko dokumentazioa
  • Ikasten egonez gero, ikasketa ofizialen agiria
  • Bizikidetza-unitateko kideren bat banandua edo dibortziatua, edo izatezko bikoteari utzi badio, egoera horri dagozkion agiriak.

Informazio gehigarria: