Ekitaldi ugari izango da santelmoen ‘repetiziotan’

2010/04/16

Bertso-saioak, kontzertuak, plaierotako finalak, trainerilak… Igandera bitartean, santelmotako jai giroan murgilduko dira herritarrak. Festetako ekitaldiekin batera, Udalak euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarria duen maindirea jarriko du.

 

Santelmo jaien bigarren asteburua ospatuko da gaurtik igandera bitartean. Iragan den asteburuan bezala, alkandora urdinak eta zapiak lepoan dituztela aterako dira herritarrak kalera eta egongo da non gozatua.

Gaur bertan, arrantzaleei buruzko hitzaldiak abiatuko du programazioa. Eskola Arteko Xixterazko txapelketa ere jokatuko da eta Torreberrin ‘Bertso Jai’ saioa eskainiko dute iluntze partean. 20:00etan, berriz, antzerkia izango da Aita Marin Itzurungo Uhinak taldearen eskutik, eta gauean kontzertuak izango dira txosnetan.

Larunbatean ugariak izango dira ekimenak, goizean hasi eta gaueraino luzatuko da egitaraua: Plaierotako finalak, Olarro-zopa lehiaketa, erromeria, abesbatzen emanaldiak, bazkari herrikoia, diskoteka, kontzertuak... Gaueko hamaiketan, berriz, kalejira izango da Iraunkorrak txarangarekin.

Igandean zaldi lasterketa

Eta oraindik festa gutxitxo egin duenak, igandean ere izango du festarako aukera. Zaldi lasterketa ikusgarriak egingo dituzte igande eguerdian Itzurungo hondartzan. Guztira, 27 zaldik eta zaldizkok eman dute izena aurtengo txapelketan eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da. Arratsalde partean, XXVII. San Telmo saria trainerilen estropada jokatuko da, eta 18:30ean talo-jana eskainiko du Txinparta elkarteak. Ohi bezala, gauerdian egingo dute bandera jaitsiera eta adio esango zaie San Telmo jaiei.

Presoen aldeko aldarria

San Telmo jaietako ekitaldietan murgilduta, Zumaiako Udalak euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko aldarria duen maindirea jarriko du udaltzaingoaren gaineko eraikinean. Joan den uztailaren 29ko ohiko plenoan onartu zuen Zumaiako udalbatzak Talde Mistoak euskal preso politikoen inguruan aurkeztutako mozioa. Horren arabera, Udalak hainbat konpromiso hartu zituen eta horien artean zegoen maindirea jartzearena.

Santelmoetako egitaraua ikusteko klikatu hemen.